MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Martxoa

Martxoaren hasiera ez da nolanahikoa izan. Arnaldo Otegi 6 urte eta gero kartzelatik atera da, eta herri honetan gehiengoak injustizia egoera bat amaitu dela uste du. Ezarritako zigorra osorik bete du berak, eta “Bateragune auziko” gainerako pertsona guztiek. Rafa Diez geratzen da eta ikusiko dugu berarekin zer gertatzen den. Otegi, Jacinto, Zabaleta eta Rodriguezena amaitu da urteak pasatu direlako, urte asko. Arnaldo Otegik ez du kartzelatik kanpo ikusi Rajoy agintean, ez du ikusi Espainiako Gobernuaren presidente karguan bete-betean. Jardunean topatu du, gero eta desitxuratuago, bere alderdi barruan aldaketa eskatzen gero eta ahots gehiago biltzen ari direla. Sanchezen ahalegina ikustera ozta-ozta iritsi da. Lehenengo itxura batean, bipartidismoari eusteko ahalegina izan da Sanchezena, orain lehen baino alderdi gehiago izan arren. Orain arte zuk agindu duzu eta, lehen egin bezala, orain nire txanda da berriz. Orain arte bezala, edo zu edo ni. Izan ere, ezkerrerako biderik ez da ikusten egin duen akordioan. Aldaketarako biderik? Ba zeri deitzen zaion aldaketa! Egia esan, ez zen erronka erraza bidaide aukeratu duen Ciudadanosekin, baina ziur asko horregatik ez zaio antzeman orain artekoa mantentzeko nahia besterik. Euskal Herritik begiratuta, hobea izango dela Sanchezek agintzea Espainian? Horrela diote hemengo sozialistek. Eurek zalantzarik ez dute. Sinetsi beharra ere bai, inkestek erakusten duten joera geldituko badute; eta gelditzen ez badute ere, nora heldu ahal izateko.

Gatazkaren amaierarako urratsak egiteko, presoen urruntzea amaitzeko, esaterako, hobea izango omen da. Hori guztia, ordea, gera daiteke momentuko partxe hauskorrean, erabakiak Euskal Herrian hartzen ez badira eta hemendik bideratzen ez badira, PSOEk, PPk bezala eta Podemosek bezalaxe, Espainiaren batasuna aldarrikatzen baitute. Batzuek era dorpe eta ulergaitzean; beste batzuek, onartuz herritarrei galde dakiekeela eta hori dela, hain zuzen, batasunaren bermerik hoberena.

Hasitako bidea amaitu egin behar da. Presoekin, eta biktima guztiekin, erabaki eraginkor eta azkarrak hartu behar dira. Behin eta berriz entzuten ari naiz, biktimen gaia, presoena, amortizatua dagoela. Ziur asko, askorentzat hala da. Ziur asko, belaunaldi berrientzat gero eta interes txikiagoa duen gaia da, horregatik du honek ere presa. Eszenatoki bat adostu behar da, bake prozesu eraginkor baten barruan, salbuespenik gabe, guztien egoera aztertzeko eta fase hau gainditzeko. Aste honetan bertan gogoratu ditugu duela 40 urte Gasteizen izandako hilketak. 40 urte eta gero, inpunitatearen aurka ari dira, bere garaian justizia egitea eragotzi zietela aldarrikatuz, eta oraindik ez dela egia, justizia eta erreparazioa bermatzeko ia urratsik egin salatuz. Gauzak luza daitezke, baina luzamenduak ez ditu konpontzen, ahanzturara kondenatzeak ez du lortzen betiko ahaztea. Gainditu eta beste zerbaiti buruz hasi behar dugu hizketan; bestela 40 urte barru inpunitateaz, edo erreparazioaz, ariko garelako oraindik, edo agian erabat amortizatuta egongo garelako.