Bakoitzaren zoroa
Lau pertsonatik batek buruko gaixotasunen bat izango duela diote adituek. Gai tabua da osasun mentalarena, zorretan elkarrizketa asko dituena, galdetu gabeko «zer moduz zaude» askotxo. Izan ere, lankide batek hanka hausten badu eta hilabetez lanera etorri gabe egoten bada, bueltakoan denek galdetu ohi diote: «Zer moduz? Hanka ondo?». Kontua desberdina da, baina, lankidea depresioarekin edo antsietatearekin bajan egon eta bueltatzen denean. Zer galdetu? Nola galdetu? Burua ondo? Nola hitz egin berarekin patxadaz kopetan jarri diogun “osasun mental arazoak izan ditu” etiketari etengabe begiratu gabe, begietara begiratuz eta pertsona ikusiz? Bestea, hanka hautsi duena, herren samar geratu da akaso eta hanka ez zaio lehen bezala geratu. Ariketak egin beharko ditu indartzeko baina, tira, lasai ederrean begiratzen diogu, herren eta guzti, ez digulako egonezinik sortzen. Gehiago aztoratzen gaituzte bestelako herrenek, ikusten ez direnek.
Buruko gaixotasunek sekulako sufrimendua eragiten dute, bai gaixoarengan eta bai inguruko senide eta lagunengan. Hori gutxi ez eta jendartearen begiratu zorrotza eta bazterketa ere sufritzen dituzte. Esaterako, lana topatzeko zer-nolako zailtasunak izan ditzake eskizofrenia duen pertsona batek, nahiz eta tratamendu egokiarekin bere bizi kalitatea ona izan? Zergatik erabaki genuen behin buruko gaixotasuna diagnostikatzen diotenak ezin duela bere kabuz pentsatu? Ezin dituela erabakiak hartu? Benetan ezagutzen al ditugu gaixotasun horiek?
Ezezagutzak beldurra gertu samar izaten du, eta buruko gaixotasunen kasuan ezezagutza handia dago. Akaso, gainera, ez da nahi gabeko ezezagutza, interesatua baizik. Emozioek, bereziki emozioen kudeaketa eskasak, sortu ohi dituzte olatu handienak eta bihurrienak osasun mentalaren itsasoan. Eta baditut zalantzak orokorrean gure emozioak kudeatzeko ditugun gaitasunen gainean. Batzuetan autoan noala pentsatzen dut askok bolanteari eusten diotenean askatzen dituztela pilatutako amorru, frustrazio, haserre eta beldur guztiak, munduarekin haserre egon arren aurreko gidariarekin haserretu direla sinetsaraziz beren buruari. Neroni ikusi izan naiz egoera horretan.
Osasun mentala zaindu egin behar da, indartu, ariketak egin behar dira orekaren sokan segitzeko. Eta, hala ere, batzuetan erori egiten gara, ez betirako lurrean geratzeko, lurretik indartuta altxatu eta aurrera segitzeko baizik. Horretarako norberak bere tresnak behar ditu, eta horretan lan serioa egiten dute Agifesen, Buru Gaixotasuna duten Pertsonen eta Senideen Gipuzkoako Elkartean.
Bakoitzak bere zoroa bizi du. Norberaren zoroarekin zoriontsu bizitzen ikastea izango da, akaso, gakoa.

María Clauss pone rostro y voz a los represaliados en la Guerra del 36

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»

«El capitalismo ha acabado con el campesinado, último reducto de autonomía frente al consumismo»

La alcachofa no es un micrófono
