Uda gauetako ezkontza magiko baterako gonbita
Antzoki eder eta liluragarriak badira noski, baina gutxik izango dute asteartean estreinatuko den «Uda gau bateko ametsa» lanak uztail amaiera bitartean izango duen agertokiaren parekorik. Donostiako Kristinaenea parkean antzeztuko da, izan ere, William Shakespeareren komedia magiko eta fantastikoena. Bertsio ibiltari honetan ez dago ikuslerik, gonbidatuak baizik.

Hiriaren erdian, bihotz berde bat izango balitz bezala, baso bat ezkutatzen da. Agian basoa esateak larregitxo dirudi, baina 78.979 metro karratuko hedadurarekin ez al du «kategoria» horixe merezi? Baso honen adarrek, gainera, Loiolako Erribera eta Amara auzoak Egia, Gros eta Erdialdearekin lotzen dituzte. Euskal Herriko parkerik landaretsuen eta handienetarikoa den honek izen askotarikoak ditu: Cristina Enea du izen ofiziala –Maria Cristina Fernanda Brunetti Gayoso de los Cobos izen luzeko Mandas eta Villanueva dukesaren omenez; parkea bere jabetza izan baitzen 1926ra arte–; Kristinaenea, euskal izendapena; eta Gladysenea auzotarrentzat, Guardia Zibilak 1979an manifestazio batean Tuteran hil zuen Gladys del Estal egiatar ekologistaren omenez jarri baitzioten izena, eta bertan dagoen oroigarri bat da horren lekuko. Toki berezia da eta guztiz ikonikoa donostiarrentzat. Orain, eta hilabetean zehar, uda gauen ametsen agertokia izango da.
Fernando Bernues (Donostia, 1961) Tanttaka antzerki konpainiaren sortzailea da eta Donostia 2016ko zuzendari artistikoa izan zen garai batean. Orain Kultur Hiriburutzaren proiekturik ludiko eta kuttunetarikoa «kozinatu» du Iñaki Rikarterekin batera. “Uda gau bateko ametsa”-ren zuzendaritza partekatu dute, ekainaren 21etik uztailaren 24ra gauero Kristinaenea baso miragarri bihurtuko duen proiektuan.
Bernuesen haurtzaroko oroitzapenei lotuta dago Kristinaenea, parkearen ertz batean dagoen Mundaiz ikastetxera joateko behin eta berriz bertatik pasatu behar izaten zuelako. Bere «geografia pertsonalean» txertatutako toki liluragarri hau amestutako proiektu baten agertoki bihurtzeko ideia piztu zitzaion Donostia 2016rako proiektua gauzatzen hasi zirenean: eta antzezlan bat txertatuko balute ingurune natural batean? Horretarako aproposena “Uda gau bateko ametsa” izango litzateke. William Shakespeareren heriotzaren laugarren mendeurrena mundu zabalean ospatzen den urtean, eta Donostia 2016aren aterkiaren azpian, euskal sortzaileek antzerkigile eta poeta ingelesaren komedia ezagunenetakoaren bertsio propioa gauzatuko ahal izango zuten. «Antzezlanik magikoenetakoa, ludikoenetakoa eta bikainenetakoa da, mundu errealaren eta irudimenezkoaren arteko interakzioa ahalbidetzen duena», dio Bernuesek historian zehar antzerkigintzan, operan eta zinemagintzan hamaika aldiz moldatu den munduko literatura unibertsaleko klasiko handienetarikoari buruz. Gurean izandako aurrekari bat izan zuen gogoan: Errenteriako Ur konpainiak 90eko hamarkadan moldatu zuen bertsioa, zeinak sona handia lortzeaz gain, Antzerki Sari Nazionala lortu baitzuen 1993an.
Horrez gain, orain gutxi, pasa den apirilean zehazki, Arriaga antzokiak ekoitzi eta Pablo Viarrek zuzendutako “Uda gau bateko ametsa”-ren beste bertsio bat estreinatu zen, euskal antzerkigintzako aurpegi ezagun askorekin: Itziar Lazkano, Gurutze Beitia... eta Joseba Apaolaza, Donostiako muntaian ere badagoena. Eta zertan desberdinduko da Kristinaenean ikusi ahal izango duguna? Kokapenean eta iraupenean, hasteko.
Kriseilua eskuetan, basoan barna. Irudimenezko Atenasen eta San Joan gauean kokatzen du Shakespearek sir Thomas Berkeley eta Elizabeth Carey-en ezteietarako 1596an idatzi zuen komedia. Teseo dukea Hipolitarekin ezkontzeko falta diren orduak igaro bitartean, gazte batzuen maitasun gorabeheren berri ematen dute baso sorgindu batean. Baina, Patxo Telleriak (Bilbo, 1960) egindako moldaketak funtsean argumentua mantentzen duen arren, era berean idazle ingelesaren «gidoitik» urrundu da zenbait puntutan, esaterako, pertsonaietan. Zenbait pertsonaia desagerrarazi egin dituzte (Teseo eta Hipolita kasu), beste batzuetan gehiago erreparatzeko.

Nahaste-borraste dibertigarriz jositako komedia honetan Hermiak (Aitziber Garmendia) Lisandra maite du (Miren Gaztañaga; moldaketa honetan Lisandro emakume bihurtu dute), baina Demetriorekin (Gorka Otxoa) ezkontzera behartu du bere aitak (Isidoro Fernandez). Gainera, Demetrio Helenarekin maiteminduta dago (Sara Cozar eta Vito Rogado, gaztelaniazko eta euskarazko bertsioetan). Eta, hain juxtu, Hermiaren eta Demetrioren ezteietan hasiko dira Donostiako uda gau magiko hauek. Gaueko 21.00etan, gonbidatuak iritsiko dira, oturuntzari ekiteko. Baina hara non Hermiak eta Lisandrak basora ihes egingo duten... eta beraien atzetik joango dira Demetrio, Helena eta zapuztuta gelditu diren ezkontzako gonbidatuak. Bai, ikusleak ere –funtzio bakoitzean 250– antzezlaneko partaideak izango baitira: lehenengo eszenan Luisa Lopez Telleriak diseinatutako eta Beronia ardandegiko ardoek lagundutako amodioz eta pasioz «jantzitako» banketea dastatu ahal izango dute, eta ondoren amoranteen jazarpena bertatik bertara jarraitu ahal izango dute, Shakespeareren klasiko honen moldaketa ibiltaria baita. Beraz, ikusleak baso magikoan barneratuko dira, eskuetan kriseilu bana dutela.
Gauzak katramilatuko zaizkie, Kristinaeneko basoan bizi diren pertsonaia magikoen bihotzak ere arras nahastuak daudelako: maitagarrien erregeak, Oberonek (Joseba Apaolaza), Titania erreginaren (Itziar Atienza) maitasuna berreskuratu nahian edabe magikoa eskatuko dio Puck (Aitor Beltran) iratxo pikaroari... eta badakigu zer gertatzen den mota honetako «koktel arriskutsuak» okerreko maitaleei ematen zaizkienean... Bidean komiko batzuk aurkitu dituzte (Josean Bengoetxea, Jose Ramon Soroiz, Mikel Laskurain eta Ramon Agirre), maitagarri dantzariak, alkate andre bat (Ane Gabarain), Kukai dantza taldeko dantzariak eta Donostiako Arte Eszenikoen tailerreko ikasleak. Guztira hemezortzi aktore, gauero ikuskizuna posible egiteko arituko den lantalde osoaren zati txiki bat, 80 pertsona arituko baitira denera. Hilabetean lanean arituko dira, guztira 30 emanaldi programatu direlarik, horietako hamar euskaraz eta hogei gaztelaniaz. Aldi berean, lana nazioarteko publikoarentzat ere eskuragarri jarriko dute, ingelesaren eta frantsesaren presentzia bermatuta egongo baita. Mugikortasun, ikusmen edo entzumen arazoak dituztenentzat ere hainbat baliabide prestatu dituzte.

Fernando Bernuesen ametsa. «Donostia erakusketari, exhibizioari lotuta dagoen hiria da, eta erakutsi nahi genuen badugula hainbat diziplinatan aritzeko eta sortzeko gaitasuna ere», dio Fernando Bernuesek. Aitortu behar zaie moldaketa honetan antzerki hutsetik harago joan nahi izan dutela. Ikuskizun «osoa» gauzatzeko «atrebentzia» izan dute, non magiak eta fantasiak indarrak batuko dituzten diziplina artistiko desberdinekin, ikusleak alegiazko mundu batera eramateko, maitagarriz eta sorginkeriaz, maitasunez eta desengainuz beteriko mundu batera. Donostia 2016 Fundazioak eta Tanttaka Teatroak ekoitzia, “Uda gau bateko ametsa”-ren musika zuzendaritzaren buru Iñaki Salvador da, Jon Maya koreografoa, Ikerne Jimenez eszenografia, jantzien eta karakterizazioaren arduraduna eta, besteak beste, Tytti Thusberg jantzitegi arloko zuzendaria. Hari-laukote batek eta Easo abesbatzak girotuko dituzte Kristinaeneko gauak.
«Nire ametsa izango litzateke bi urtean behin hiriak halako ekitaldi bat burutzeko arriskua hartzea», amesten du Bernuesek. «Arriskua da, bai, baina ez badugu arriskurik hartzen, inoiz ere ezingo dugu Kristinaenea bezalako leku bat nabarmendu. Parke enblematikoa dela iruditzen zait, eta ekitaldi kultural baterako leku publiko bat erabiltzea ere bada garrantzitsua. Iaz, urte sasoi honen bueltan, bizpahiru aldiz baino ez zuen egin euria; espero dezagun aurten ere gauza bera gertatzea». Aholku pare bat: oinetako erosoak eraman itzazue eta zergatik ez gara euskarako bertsiora animatzen? Ez baita oso ohiko mota honetako produkzio handiak gure hizkuntzan gozatu ahal izatea.
“Uda gau bateko ametsa” Donostiako Kristinaenea parkean 21.00etan antzeztuko da gauero ekainaren 21etik uztailaren 24ra (astelehenetan izan ezik, ez baita funtziorik izango). Sarrerak 30 euroan aurresalmentan, leihatilan 40 (dss2016.eu eta ticket.kutxabank, eta Alderdi Ederreko Infopointen). Euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak izango dira. Euriagatik bertan behera geratuz gero, saioaren egun berean jakinaraziko dute 19.00etarako, eta sarreraren dirua itzuliko dute.

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

«¿Al final qué importa, la orientación sexual o el ser humano?»
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»
