Ongi etorri udara!
Posta bidez boto asko iritsiko omen da gaur hautetsontzietara Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan; ez jendeari Espainiako Gorteak aukeratzeko gogo berezirik sortu zaiolako, baizik eta uda bete-betean gaudelako. Hauteskundeak udan jartzeak horixe du, gizon-emakumeok gure lehentasunak ezartzen hasten garela, eta deskuidatuz gero, gerta litekeela hauteskundeen aurretik hondartza edo igerilekua egotea, edo Moskuko plaza gorria ezagutu nahia, edo Erromako Koliseoa.
Egia esan, gaurko hauteskundeon data ez du inork zehatz aukeratu, hauteskunde derrigorrezkoak dira eta. Espainiako lehen ministroa izendatzen asmatu ez eta nahitaez egin beharrekoak. Airean egon zen arabar, bizkaitar eta gipuzkoarrek, gaurko egunez, Espainiako Gorteez gain Eusko Legebiltzarra ere aukeratu beharko ote zuketen, baina zorionez, udazkenerako utzi ditu hauteskunde horiek Urkulluk, nahiz eta hainbat alderdikide boteretsuk kontrakoa iradoki.
Baina itzul gaitezen lehentasunen kontura. Hondartzan edo mendian, Moskun edo Erroman egonda ere, milaka herritarrek erabaki dute euren ahotsa entzunaraztea. Eta aurreko egunotan ibili dira hemen papera bete eta han buzoia zabaldu, boto-paper guztiak heldu direla konprobatu, Senaturako hiru gurutzeak nola egin asmatu... Eta eman dute botoa dagoeneko. Jakinik, gainera, gaur ez direla betiko tokian egongo, asko eta asko oporretan egongo direla, beste batzuk udako ikastaroren bat egiten, edo ospitalean operatu berri. Jakinik operazio horrek, edo udako ikastaroak, edo oporretako deskantsuak aurrera egiteko balioko diela. Jakinik udaren ostean etorriko direla berriro iraileko gastu handiak, ikasturte berri baten hasiera, lan-kontratuaren amaiera eta, beharbada, kontratu berri baten itxaropena... jakinik, hitz batean, bizitzak aurrera egingo duela, eta borrokan jarraitu beharko dutela bizimodu hobe bat lortu nahian.
Askotan askok daukagun tentazioa izaten da pentsatzea botoa emanda dena eginda dagoela, gure partea egin dugula eta orain hautatu berrien unea dela. Ordezkariak aukeratzea ondo dago, baina askoz ere inportanteagoa da ordezkari horiek lanean jartzea. Botoa ematea ondo egon daiteke, baina askoz ere hobeto dago, gau eta egun, botoaren jabeak geu garela gogoraraztea. Herritarrok, gizon-emakumeok, inportanteak gara oraindik. Batzuek, beharbada, nahiago lukete desagertuko bagina eta enbarazurik egingo ez bagenu. Baina izan Tuterako Foruen plazan, aperitiboa hartzen dugun bitartean; edo Sopelako hondartzan geure buruari krema ematen diogun bitartean; edo Erromako Koliseoan, edo Dublineko ikastaroan, herri honetako gizon-emakumeok argi eduki beharko genuke, gure ametsak, gure proiektuak... ez direla zerutik eroriko, ez zaizkigula kanpotik etorriko. Indartsuak gara oraindik, eta indar hori erabiltzen ikasi beharko genuke. Egunero. Helduak garenez, geure burua gobernatu nahi dugulako, gobernatu hitzaren esanahi zabalenean. Inork etorkizuna ostu ez diezagun. Uda, oso-osorik, geuretzat izan dadin.



