Legezkoak
Hemengo egunkariak atzerapen dezentez iristen diren leku haietan, bertakoak izaten genituen eskura, egunean egunekoak. Errealitatea borrokatzen da gehienetan egunkarietan, errealitatea bihurritzen da sarritan urka-bilur bihurtzeraino, errealitatea finkatu eta zein den erakutsi egiten da, eta zein dotore erakutsi ere batzuetan. Gogoan ditut Iruñeko sanferminetako txupinazoaren argazki batzuk, esate baterako, “ABC”-koak-eta, eder askoak. Jendetza argazki haietan, baina ikurrinik ageri ez. Gero iristen zen “Egin”, geroago “Gara”, eta ikurrinak argazkietan, jende artean, eta pankartak beste aldarri batzuekin.
Begira iezaiozu une batez karrera ondo kostata amaitu berri duen kazetari ilusionatuari, edo kazetaritzan urteetan leziatu den horri, bere mahaian, argazki kamerak jaso dituen ikurrinak eta pankarta sobrante horiek denak ezabatzen, Photoshop makineria gaur bezain garatua ez zenean, egunkari espainiarrean agertu behar duen irudia behar bezala atontzen. Historia egiten. Errealitatea egiten, historian jasota geratu dadin.
Iaz ikurrina udaletxeko balkoian zutitu zuten txupinazorako. Aurten enparantzako jendartean agertu da ikurrin handia, eta balkoian makila, tantaia, haga, eta hutsunea. Lege-iruzurra izan omen zen ikurrina balkoian jartzearena. Errealitatean egon behar ez duena ei da, eta fuera ikurrina. Eta espainola ipini galanta, dena estaltzeko adinakoa ahal bada, kupulapean txitak bezala babestu gaitzan guztiok pentsamendu okerretatik eta tentazio bidegabeetatik.
Errealitatea egiteko baitago epailea ere, kazetari prestuak hainbeste kostata egiten zuen historia huraxe ontzat emateko eta legez ezartzeko. Eta legea bete egin behar da, legearen inperioa errespetatu, inperio legea bihurtu arte, frankismoan bezalaxe, legezkoa ez den errealitaterik ez dadin existitu.
Gizarteak edo komunitateak osatzen dituen harremanetatik sortzen ei da legea, bere buruaren gobernu onerako arauak ezartzen dituenean. Gobernu onerako ari dira, beraz, kazetari arduratsua eta epaile jainkotiarra, beraien esku-hartzerik ezean gizartea eta gizarte errealitateak bidegabe barrabastu eta denak tenebroso bihurtuko direla pentsatuta.
Ez dakit Zuzenbide ikasketak ez ote dituen amaituak Tinok; ea hurrengo eskutitzean argitzen didan apur bat nahaste-borraste hau.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
