Urrutiko agintea
Moskutik iritsi zen Natasha Euskal Herrira. Duela hogeita hamabost urte izan zen, gutxi gorabehera. Ezohiko zeregina izan zuen orduan gurean. Bi politikari trebatu behar izan zituen konbentzimenduz eta ausardiaz jendearen aurrean jarduteko (gizonak ziren biak, esan gabe doa). Bizardun politikariari irribarrea ezabatu behar izan zion, gehiegizkoa zen. Bibotedun politikariari, ordea, samurtasuna gomendatzen zion, modu goxoagoak. Lehenengoari berba egiteko eskuak erabiltzen erakutsi zion eta besteari polikiago hitz egiten. Kontrajarriak ziruditen politika diskurtso bi horien edukietan gehiegi sartu barik, Natashak, zegokion eginkizuna bete zuen diziplina sobietikoaz. Sekulako mesedea egin izan liguke agian Natasharen esku eta luma sartzeak, baina modua landu zuen soilik, garaietara egokitu behar zen forma.
Ez hain aspaldi, kanpaina politikoek, hauteskunde kanpainek hobeto esanda, Teatrotik asko zuten, baina Artetik gutxi. Protagonistek, hautagaiek, jendearen aurrean agertzeko sinesgarritasuna bilatzen zuten, ikus-entzuleentzat, konbentzitu beharrekoentzat alegia, fabulak sinesgarri egin behar zituzten. Antzerkia funtsean hori ere bada: fabulazko gezur handi bat publikoarentzat sinesgarri egitea. Batzuetan fabulago eta besteetan egingarriago, jakina.
Politikariek gertu nahi lituzkete hartzaileak. Goxokiek, pegatinek, arrosek eta txapek dagoeneko ez dute horretarako balio. Bozka emango dutenen etxeetara eta haien poltsikoetara sartzea da gakoa. Horregatik, irudiak eta koloreak, kalean baino, telebistan egoki agertzeko sortzen eta egituratzen dira. Garai batean antzerki edo musika agertoki baterako modukoak baziren ere, egun telebistako platoetakoen antza dute mitinetako argiek eta elementu dekoratiboek. Eta zer esanik ez, telebistarako ez bada, denon eskuak eta burmuinak kateatuta dituen sare birtualerako dira kanpainak. Politikarien hitzak gure poltsikoetan sartzen dira sakelakoaren pantaila txiki-ertainen bibrazioekin bat. Garai batean kaleak konkistatu behar ziren, gaur, ordea, pantailak. Pantaila txikiak, ertainak.
Natashak nahiago luke pantaila handiak balira, zinemak badu Arteaz zerbait eta. Hogeita hamar urte eta gero Euskal Herrira bueltatu da. Bizardun eta bibotedun politikarien hilobiak bisitatu ditu. Ezberdin aurkitu dena. Oraina ulertzeko zailtasunak ditu. Ez du konprenitzen. Ez du ulertzen nola ez dugun urrutiko aginte deritzon ordenu mando horrekin bozkatzen, edo zergatik ez dugun sakelakoaren botoi birtualak zapalduz ustezko demokrazian parte hartzen. Garaietara egokitu behar den forma litzateke, besterik ez. Ez dago kalera irten beharrik, pokemon ehizan abiatzeko ez bada, jakina.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
