Maria Mendizabal
ARRAZAKERIAREN AURKAKO MUSEOA

Afroamerikarren historia Washington erdigunera

Brontzezko 3.000 xaflek eta beiraz osatutako estalkia du XIX mendeko Yoruba kariatide batean oinarritutako eraikinak eta eguzkiaren argiaren arabera kolorez aldatzen da. Estreinatu berri den Arte eta Kultura Afroamerikarraren Museo Nazionalean ilunetik argirako bidea irudikatu nahi izan du David Adjaye arkitektuak.

Barruan sustatzaileek bisitarien sentimendu eta sentsazioak asaldatzea bilatu dute, malkoak eta hotzikarak eraginda. Azken denboran Estatu Batuetako gizartea astindu duten arrazakeria keinuak ere apaltzen lagundu nahi du. Azken batean, museoko sustatzaileen arabera, arrazakeria ez da iraganeko kontua bakarrik eta proiektu honek hori hobeto ulertzen lagunduko du. Museoa Washingtongo Mall izeneko eremuan kokatua dago, lorategi eremu zabalekin hainbat museo batzen dituen lekuan hain justu. 37.000 objektuk osatu dute museoaren funtsa eta haien bidez afroamerikarren historia kontatu nahi dute, hasi esklabutzatik eta XX. mendean eskubide zibilen aldeko borrokaraino. Gaur egun sona eta ospea lortu duten afroamerikarrei ere eskaini diete euren lekua.

Mende luze ideiatik errealitatera igarotzeko. Ideia ez da berria; museoaren muina orain dela mende bat sortu zen, esklabotasunaren kontra borroka egin zuten soldadu ohiek arraza beltzaren aldeko monumentu bat eskatu zutenean. 1929. urtean Calvin Coolidge presidenteak batzorde bat sortu zuen horretarako, baina lau urte beranduago Franklin D. Roosveltek disolbatu egin zuen 30. hamarkadan ekonomia bortizki jo zuen Depresio Handia aitzakia hartuta.

80. hamarkadaren erdian sartu zen berriz ideia Kongresuko agendan, baina ez zuen aurrera egin hegoaldeko politikari zuri eta kontserbadoreen presioagatik. 2003an azkenik John Lewis batzarkide demokratak eta eskubide zibilen aldeko borrokalari historikoetako batek behar adina sostengu lortu zuen proiektuaren alde.

Ia hamarkada eta erdi igarota orain bi aste zabaldu zituen ateak afroamerikarren historia, ameriketako historian txertatu nahi duen museoaren ateak. Zehazki lau helburu nagusi ditu: Kultura afroamerikarrean interesa duen edonori hura ezagutu eta gozatzeko aukera ematea; estatubatuarrei euren historia eta kulturak izan dituen eraginak ezagutaraztea; estatubatuarrek hain bere sentitzen dituzten erresistentzia, baikortasuna eta espiritualtasuna kultura eta historia afroamerikarrean txertatuta daudela frogatzea; eta noski, horren aberatsa den kultura honek iraun dezan heziketan eta hezkuntzan eragitea.

Egunero ia 10.000 bisitari jasotzea aurreikusten duen eraikina hainbat solairutan banatu da. Ateak gurutzatu bezain laster bisitariek lur azpian hirugarren solairura bisita egiteko gonbita jasotzen dute; bertan dago kokatua museo honetan bildutako historiako atalik ilunena, esklabotasunari dagokiona. Izan ere, Estatu Batuetan lau milioi esklabo izatera iritsi ziren. Bertan ikusleak, besteak beste, girgiluak edota zigorrak topa ditzake. Haiekin batera, garaiko argazkiek edota Clara Brown esklabo jaio zen emakume aitzindariaren estatua batek errealitate hartara gerturatzen dute bisitaria. Kronologikoki antolatua dago ibilbidea. Ondoren topatu daitezke askatasunaren eta emantzipazioaren aldeko borrokaren irudiak eta eskubide zibilen aldeko aldarrikapenek utzitakoak. Batutako objektuen artean bere autobuseko eserlekua zuri bati uztea uko egin zuen Rosa Parks ezagunaren soinekoa topa daiteke.

Argazkiak daude, baina baita dokumentuak, objektuak, jantziak... Iraganik orainerako bide horretan, mundu mailan ezagun egin diren kirolari afroamerikarrak ere gogora ekarri dituzte: Michael Jordan saskibaloi jokalaria, Carl Lewis atleta edota Serena Williams tenis jokalaria.

540 milioiko aurrekontua izan du eta erdia Gobernuak ordaindu du. Gainerako diru guztia, iturri pribatuetatik etorri da. Orotara, 100.000 pertsonek jarri dute euren poltsikoetatik sosa, euro bakar bat edota milioiak eman dituztenak daude, museoa paperetik errealitatera pasatzeko.

Badira tartean arrakasta lortu eta dirutza jarri duten afroamerikarrak, izan ere: Oprah Winfrey komunikazio arloko enpresariak hogeita bat milioi dolar eman ditu eta Robert Smith finantza gizonak, beste hogei.