Joseba Eizagirre
MOTOR

Citroen H (1957), furgoneten aitzindaria

Gaur egun 50 urtetik gora dituztenen artean galdetuko bagenu zein den gogoan duten lehen furgoneta, askok Citroen H erantzungo lukete. Izan ere, Bigarren Mundu Gerraren ondoren hain zabalduta zeuden kamioneta irekiei lekukoa hartu zien lehen furgoneta itxia izan zen frantsesek sortu zutena.

1947an egiten hasi ziren ibilgailua aitzindaria izan zen berrikuntza asko zituelako: trakzioa aurreko gurpiletara, plataforma baxua (barruan zutik ibiltzeko modukoa), alboko atea... Hala ere, bere sortzaileek ez lukete sinetsiko Europa osoan lortu zuen arrakasta gaurdaino mantenduko zenik, azkenaldian modan jarri diren «food-truck» edo janaria saltzeko kamionetei esker.

Marka frantsesa izaki, Ipar Euskal Herrian asko zabaldu zen, eta egun ere ez da zaila horrelakoren bat aurkitzea kaleetan barrena. Hego Euskal Herrian ere nahiko ezaguna egin zen arren, marka eta modelo berriek baztertu egin zuten eta oso zaila da kalean bat aurkitzea, moda berriaren eraginez azaltzen hasi direnak kenduta.

Baina moda hasi baino lehenago ondo zainduta zegoen bat aurkitu dugu, Astigarragan, Rezola sagardotegian. 1957. urteko matrikula du; beraz, 60 urte bete ditu aurten. Bere nagusiak, Joxe Ramon Rezolak, historiaz betetako ibilgailu honen nondik norakoak azaldu dizkigu.

Noiztik duzu furgoneta eta nondik nora iritsi zen zure eskuetara? Hamabi bat urte izango dira erosi nuenetik. Donostian aurkitu nuen, Mirakruz kalean dagoen Bolsa Automovilista (Casa Izaguirre) izeneko tailerrean. Citroen markako pieza banatzaileak ziren.

Zein egoeratan zegoen eta zer lan egin dizkiozu berriztatzeko? Denbora asko zeraman geldirik eta motorrak ez zuen funtzionatzen. Horregatik dena askatu behar izan nuen, errektifikatzera eraman eta berriz muntatu. Jatorrizko motorrarekin dago, beraz. Eta karrozeria aldetik, herdoil asko zuen eta dena askatu, konpondu eta margotu behar izan nuen, baita ere. Nuvolari elkarteak asko lagundu zidan piezak lortzeko garaian.

Zein erabilera ematen diozu ibilgailuari? Izan ere, inguruko herrietan ikusi izan dugu behin baino gehiagotan. Bai, asko erabiltzen dut sagardoa partitzeko, oso erosoa egiten zaidalako. Eta bide batez publizitatea egiten dut, horretarako erosi nuen eta.

Afizioa baduzu, baina mekanikaz jakin beharko da pixka bat. Bai, gutxieneko bat jakitea komeni izaten da edozein gauzatarako. Arazoren bat baldin badaukazu, igual txorakeriaren bat izango da, baina komeni da jakitea.

Zeintzuk dira furgonetaren berezitasunak? Batez ere, karga eramateko oso egokia dela. Plataforma baxua dauka eta kaxak sartu eta ateratzeko oso erosoa da. Saihetseko ateak ere asko laguntzen du horretarako. Sabaia ere oso altua du, eta barruan arazorik gabe ibil naiteke zutik. Bestalde, antzinako autoek zituzten berezitasunak ditu. Esate baterako, ateak atzeraka irekitzen zaizkio, keinukari zaharrak gordetzen ditu (alboetatik ateratzen diren seinale moduko batzuk) eta euri garbigailuak ere eskuz mugi daitezke oraindik. Aurreko kristala ere bi zatitan dagoela ikus dezakezu, hasierako modeloa delako. Ondorengoak osoa ekartzen hasi ziren.

Eta motorraren ezaugarriak? Lau zilindro ditu, bi litro eta 11 zaldiko potentzia. Gasolinarekin ibiltzen da eta hiru martxa ditu. Gehienez har dezakezun abaila orduko 80 kilometrokoa da, baina ez da gehiago behar.

Beste auto historiko batzuk badituzula ikusten dugu. Bai, hemen dagoen Citroen 11 Ligero (1953. urtekoa) eta Renault 4/4 bat (1958. urtekoa). Citroena Eskoriatzatik ekarri nuen eta ezkontzetarako erabiltzen dut. Furgonetaren motor berbera dauka.

Zein betebehar dituzte auto hauek? Guztiak historiko moduan jarrita dauzkat, horrela lau urtetik behin pasa behar dute azterketa teknikoa eta ez sei hilabetean behin edo urtero. Aseguru aldetik, badira historikoentzako bereziak, baina zerbait gertatuz gero, ez dute ia ezer kubritzen; beraz, aseguru normalak ditut. Eta udal zergari dagokionez, Astigarragan ez dut ordaindu beharrik.

70. urteurreneko ospakizunak Parisen

Citroen H furgonetak 70 urte bete ditu aurten eta Parisen hainbat ekitaldi antolatu dituzte urteurrena ospatzeko.

1947an hasi eta 1981 arte ia milioi erdi furgoneta egin ziren. Itxura xelebrea izan arren –edo agian horregatik–, oso ezaguna egin zen eta ezizena ere jarri zioten: “Nez de cochon” edo txerri-muturra, aurrealde zapal eta 2 CV autoarenak bezalako argiengatik.

Batek baino gehiagok galdetuko du zergatik jarri zioten izen berezi hori (Type H), baina honek ere badu azalpena. Sortzaileek zortzi proiektu izan zituzten esku artean eta horietatik azkena atera zen aurrera. Horregatik jarri zioten alfabetoko zortzigarren hizkia: H.

Historia hori guztia biltzeko asmoz, marka frantsesak “No limit” erakusketa zabaldu du Parisko Eliseoko Zelaietan (irudian). Bertan, Citroen markako ibilgailu komertzialek langile eta enpresen beharretara egokitzeko izan duten ahalmena nabarmendu nahi izan dute. Horretarako, Type H-rekin batera, Citroen etxeak historian zehar eginiko ibilgailu komertzialak jarri ditu erakusgai: 1929ko C4 garabitik hasi eta gaur egungo Jumpy edo Berlingo elektrikoraino.

Erakusketaz gain, Citroen-ek karrozeria «kit» berezi bat prestatu du gaur egun merkatuan dagoen Jumper furgonetarentzat, bere itxura Type H zaharrarenera hurbiltzeko. 1947ko furgoneta Flaminio Bertonik diseinatu zuen eta karrozeriaren panelen eredua Junkers hegazkin-fabrikatzaile alemanak Lehen Mundu Gerraren ondoren egin zituen abioietatik hartu zuen.

Orain prestatu dituzten panelak, beira-zuntzarekin eginak dira eta Fabrizio Caselani eta David Obendorfer diseinatzaileek sortu dituzte. Eskuz muntatzeko dira eta 70 ale bakarrik egin dituzte, guztiak Italian saltzeko.