Iratxe Esnaola Arribillaga
IRITZIA

Sare sozialei neurria hartzea ardura ariketa bat da

Duela hamar bat urte hasi ziren sare sozialak gure bizitzeko moduari forma ematen. Eta horiek hainbeste behar izatera iritsi gara, ezen gure bizitzan duten eragina ondorio natural gisa onartu baitugu. Neurria hartu gabe. Ardura ariketarik egin gabe.

Euskal Herrira duela hamar bat urte iritsi ziren sare sozialak. Orduan ezagutu genituen Facebook eta Tuenti. Baita Twitter ere. Geroago etorri ziren Whatsapp eta Instagram. Eta beste batzuk. Eta poliki-poliki gure bizitzari forma ematen hasi ziren. Eta gure jendarteari ere bai. Eta egun, nekez irudika daiteke sare sozialik gabeko testuinguru bat. Nekez irudika daiteke Twitterren zer gertatzen den ikusten ez duen, Facebooken ‘lagunei’ jarraitzen ez dien, Whatsapp bitartez komunikatzen ez den eta Instagramera argazkiak igotzen ez dituen Euskal Herri bat. 1964an, ‘Hedabideak ulertzen: pertsonen hedapena’ liburuan, Marshall McLuhan guruak pertsonok tresnei forma emango geniela iragarri zuen, eta, horren ondorioz, gero tresnek guri forma emango zigutela. Iragarpena guztiz bete da, baina, tamalez, eman diguten formak ez du zoriontasun indibidual eta kolektiboan sakontzea laguntzen. Nago, sare sozial hauekin gure bizitza kalitateak okerrera egin duela. Eta hala pentsatzen du iaz Erresuma Batuko ikerketa batean parte hartu zuten 1.500 gazteen gehiengoak ere (https://labur.eus/Ahx1S).

Zygmunt Bauman soziologoak sare sozialak tranpa gisa definitzen zituen. Berak zioen sare sozialek inoiz baino komunikatuago sentiarazten gaituztela, baina inoiz baino beldur handiagoa diogula bakardadeari. Eta gehiago komunikatzen garela sentitzen dugula, baina inguruan ditugunekin lehen baino elkarrizketa gutxiago izaten ditugula. Pew Research zentroak 2015ean gazteekin burutu zuen ikerketa batean, smartphonea, batez ere, asperraldiari aurre egiteko eta ingurukoekin hitz egin behar ez izateko hartzen zutela ondorioztatu zen. Ez da harritzekoa. Sare sozialek une oro gure arreta lapurtu nahi digute. Eta ahalik eta datu pertsonal gehien bildu. Enpresa estatubatuar erraldoi hauek arretaren ekonomian lehiatzen dira. Berdin zaie aurrez aurreko elkarrizketak gutxitzea eta horrekin gazteen enpatiarako gaitasuna murriztea, Sara Konrath psikologoak 72 ikerketa lanetan oinarrituta ondorioztatu zuen bezala. Instagrami berdin zaio Erresuma Batuko hamar neska gaztetatik bederatzi bere gorputz irudiarekin gustura ez sentitzea. Izan ere, Instagrameko filtroak helburu zehatzekin sortu ziren, “Internet is not the answer” liburuan kontatzen denez. Beharbada, enpresa hauen gizarte-erantzukizunak gure emozioei edota osasunari lotuta egon behar luke.

Alerta egoeran bizitzera eraman gaituzte. Idatziz komunikatzera. Lehenbailehen erantzutera. Mezurik arruntena emergentzia gisa hartzera. Eta dena sinestera. Deigarria da: inoiz baino informazio-iturri gehiago ditugun garaiotan, albiste faltsuak edo fake news deritzanak oso erraz zabaltzen dira. Horren adibide, otsailaren 28ko elurtearen harira Whatsapp bidez EAEko hezkuntza zentro publiko guztien itxieraz zabaldu zen mezua. Erraz zabaldu eta erraz sinetsi zen. Eta zinez kezkagarria da. Gazteei Interneten iturri fidagarriak identifikatzeko gai izatea eskatzen diegu. Eta Eusko Jaurlaritzako webgune edo sare sozialetako loturarik gabe, inongo informazio ofizialik gabe, sekulako abiadan zabaldu zen whatsapp mezu hura. Etengabeko antsietate sozial kolektiboan bizi garela dirudi. Alerta egoeran. Katastrofeen garaian. Horiek guztiak aipatzen ditu MITeko ikertzaile Sherry Turkle psikoanalistak bere “Elkarrizketaren defentsa: elkarrizketaren boterea aro digitalean” liburuan.

Twitterren kasuan, bere ibilbidea, maila batean, erabiltzaileek definitu dutela esan daiteke. “Zer egiten ari zara?” galderari erantzuteko gonbitarekin jaio zen. Baina, bidean, gertatzen denaren gainean informatzeko sare soziala bilakatu da Twitter. Baita adierazpen askatasunaren murrizketarako sare soziala ere. Espetxe-zigorra jaso dute, besteak beste, @erreharria eta @PabloHasel-ek. Jendartearen zati bat autozentsurara bultzatu nahi dute. Autokontrolera. Isiltasunera. Google bilatzailearen zentsura bere algoritmoak erabakitzen du. Enpresak berak erabakitzen du bere emaitzen alborapen ideologikoa. Baita Facebook-ek eta Youtube-k ere, Lucas Malaspina ikertzaileak erreportaje batean baieztatzen duen bezala (https://labur.eus/M9DLd). Autozentsuraren kultura sortzea da Twitterren adierazpen askatasuna leunki desagerrarazteko bidea.

Euren abantailekin, baina hau guztia ekarri dute sare sozialek. Haatik, sare sozialek zaindu egiten gaituztela sentiarazten digute. Hori da enpresa horien amua: gure ingurunearekin konektatu eta komunikatzeko bidea bilakatu direla. Eta hortaz, behin amuari helduz gero, oso zaila dela bertatik askatzea. Eta kateatuta gaude, gure harremanetan, gaitasun sozialetan, une oroko egoera emozionalean eta, besteak beste, pribatutasunean duten eraginari erreparatu gabe. Hainbestekoa da sortu diguten lotura, ezen maila indibidual eta kolektiboan gure bizitzan duten eragina onartu egiten baitugu. Ondorio natural bat balitz bezala. Sare sozialei neurria hartzea ardura ariketa bat denean. Baita gaztetxoenei neurri hori bilatzen laguntzea ere.

Sare sozialen kudeaketa ardura pertsonal eta kolektibo gisa hartu beharko genuke. Baita ardura politiko gisa ere. Eta ez legoke soberan ardura horien gaineko hausnarketarako guneak sortzea. Herritar eta herri gisa sare sozialek aurrerantzean zein forma emango diguten baitago jokoan.