JOKIN URAIN
IRITZIA

Eskailerapeak

Noizbait, antzinatean, ez dakit noiz, izan behar zuen garairen bat gizakiak beretakorik preso hartzen ez zuena. Pentsatu nahi dut izan zela horrelako aroren bat, dinosauroen aztarnak aurkitu, edo mamutenak, eta haien existentzia irudikatzen dugun moduan irudikatu nahi dudana, zerua bera bezain urruna eta abstraktua ematen badu ere gaurko mundu honetako edozein lekutan ikusten dugun egoeratik irudikatzeko.

Gerora, ez dakit noiz, ez dakit zein egunetan edo nola, hurkoa eskailerapean, berak inor ez ikusteko eta bera inork ikus ez zezan, ezkutuan atxikitzen hasi zen gizakia. Eta geroago, jendea atxikitzeko eskailerape aproposkoak egiteari ekin zion, eta hortik gaur artekoak badakizkigu.

Gaur egun gutxi gorabehera 23-24 milioi preso egon litezke mundu honetan, mundu honetako eskailerapeetan; unibertso bat, mundugune txikiz osatua, eskailerapeetan gordea. Beste balizko munduetan ez dakigu nola konpontzen diren, baina gure honetan kontatutakoak milioika horiek. Kontatzen ez direnek, espetxeen desmunduan ere ageri ez direnek, auskalo zer kopuru osatzen duten. Milioi horietatik guztietatik ez dakit zenbat izan litezkeen preso politikoak, arrazoi politikoetan oinarritutako delitu edo aitzakiengatik epaituta edo epaitu gabe espetxeratutakoak. Asko ote diren susmoa dut, eta gehiegi diren ziurtasuna. Preso politiko gehiegi baititugu geurean ere; bat bakarra balitz ere gehiegi litzateke, baina ia hirurehun izatean gehiegi baino gehiago da. Eskailerapean ezkutatzen eta isilarazten saiatzen diren mundu bat da, izaera ere kendu edo desitxuratu nahi dieten presoez osatua. Preso politikoei zinezko izaera kentzea edo desitxuratzea da munduko tirania guztien nahia, euren mozorroa mantentzeko ezinbesteko premia.

Preso Politikoen Nazioarteko Eguna joan den astean izan da; ez dut esango ospatu egin dugunik edo ospatzeko eguna denik. Zerbaiten edo norbaiten nazioarteko eguna denean, zerbait salatzeko arrazoiak daudelako izaten baita batez ere, edo zerbaiten aurka ahaleginak egiteko arrazoiak daudelako, ez berez egun ospagarria delako.

Egutegitik desagertzeko desioarekin izendatutakoa da edo izan behar luke Preso Politikoen Nazioarteko Egunak, Sebas, preso politikorik ez balitz ez legokeelako zuen izeneko daten beharrik.