GALDER PEREZ
IRITZIA

Ispilu artifizialak

Frank Doktore trabestiak Rocky Horror izeneko gizon gihartsua sortu zuen 70eko hamarkadan fikziozko laborategi batean. Pertsona itxura zuen mutil puska ederra zen Rocky, sexurako prest beti. “The Rocky Horror Picture Show” filma eta antzezlana buruan bueltaka daukat egunotan, Euskal Herriko eszenatokietan antzezten ari baitira berriz ere. Nola ez, audience participation izeneko moldaketarekin gainera; hau da, ikusleek parte-hartze zuzena dute emanaldi osoan zehar. Zenbat alditan ez dugu Transexual planetako lagunekin festaren bat egitean pentsatu, edota pertsonaia haiekin batera Transilvania galaxian hegan galtzearekin amestu. Jaio ginen urtekoa da film hura. Urte gutxira, txupatxusak baimenik gabe zurrupatzen genituen garaietan, Doctor Deseo taldeak ere sexuak eta robotak abesti berean biltzen zituena eman zuen argitara. Abestiko robot hura ere, film edo antzezlanekoa bezala, sotila zen oso, esklabo egin, sodomizatu eta berriz birjina bihur zaitzakeen robot zintzoa.

Gure garaiotara etorrita, fikziotik errealitatera jauzi egin eta sexua izateko sortuak diren roboten zerrenda gero eta luzeagoa da. Ondorioz, pertsonok gehien planteatutako zalantzak ez dira hoztasunaren gainekoak, fideltasunaren ingurukoak baizik: pertsona den beste bikotekiderik baduzu, ongi al dago robotarekin xirritan ibiltzea? Azken urteotan ezagutu ditugu antzerki musikal eta nobelak idazten dituzten bestelako robotak ere, algoritmoaren magiari esker artistak omen direnak. Badira hiletetarako robot aproposak, zu negarrez ari zaren bitartean hildakoaren gaineko hitz ederrak esan eta abesti goxoak kantatuko dituen androidea. Baina zerrenda luze honetako deigarriena Tokiotik etorri da: Michihito Matsuda izeneko robot bat hiriko barruti bateko hautagaia izan zen hauteskundeetan. Ez dakit robotak berak bere burua aurkeztu zuen edo pertsonaren batek inskribatuko zuen. Kontua da jendeak, pertsonek, gizakiek, botoa eman ziotela. Ez gutxik, gainera. Robota aurkezten zen Tama izeneko Tokioko distrituan hirugarren geratu zen, eta milaka pertsonak eman zioten botoa. Hortaz, sexuarekin bezala, badira politika egiteko pertsonengan baino robotengan konfiantza handiagoa dutenak.

Ez da harritzekoa, ordea, “demokrazia” eta “justizia” moduko kontzeptuek galdu duten zentzua eta norabidea ikusita. Zalantzarik gabe, androide politikari baten hitzak erraz sorginduko ditu entzuleak. Nire zalantza robot horren intimitatea da orain. Michihito Masuda horrek ispilurik izango ote du? Izango du, diskurtsoak prestatzeko. Ispilu aurrean bere metalezko buruari begira irudikatzen dut, ederrena eta onena dela mila bider errepikatzen. Masuda robota ispiluaren aurrean masturbatuko da, eta isuria txinparta elektrikoak dira. Ez du gozatzen, antza denez, baina garaile sentitzen da, algoritmo batek txinparta berriak sortu baitizkio. Hori plazera. Eta ispilu artifizialaren aurrean masturbatuko da robota berriz ere, bere metalezko buruari ederrena dela errepikatuz, inori eta ezeri barkamena eskatzeko beharrik gabe, gainera. Robota garaile. Badu ezkutuan txinpartak garbituko dizkion pertsona bere hankapean, galtzailea, ez robota.