Amaia Ereñaga

Hippyen azken parranda mundiala

Dagoeneko mende erdi joan da, gezurra dirudien arren, Britainia Handiko Wight uhartean Woodstock jaialdi mitikoaren lehiakidea izango zena jaio zenetik. Kontrakulturaren elkargune erraldoi hura polemikaz, lokatzez eta LSDz osatutako uholde baten azpian desagertu zen, arrakasta berak irentsita. Hamarkada batzuen buruan suspertu egin zuten, baina jada ez dago hippyrik Wighten.

Une batez alderatuko bagenitu 60ko hamarkada bukaeran Wight uhartean izan zen jaialdia eta orain, 50 urteren buruan, egingo dena, bien artean antzekotasunak baino desberdintasunak aurkituko genituzke. Jaialdiak garaiko punta-puntako musika taldeak zuzenean ikusteko aukera eskaintzen jarraitzen du; horrek aldaezin dirau, baina, zalantzarik gabe, gizartearen bilakaeraren isla bihurtu da; mundua aldatzeko maitasuna eta bakea (eta drogak nonahi) helburu zituen hippyen mugimendutik planeta interkonektatu eta indibidualistara dagoen jauzia, alegia. Datorren ekainaren 21etik 24ra Britainia Handiko uharte honetan egingo den jaialdia, esaterako, hastapenekoa baino askoz garbiagoa eta “zibilizatuagoa” izango da. Tira, ez da zaila, kontuan izanik Parlamentuak mota honetako hitzordu erraldoiak debekatu zituela urte askoan, 1970eko abuztu hartako 600.000 ikusleen parranda hark sortu zuen iskanbila ekiditeko. Bi hamarkada behar izan zituen musikak uharte eder honetara itzultzeko.

Baina has gaitezen hasieratik. 1968an gaude eta Ron, Ray eta Bill Foulk anaia gazteei ideia on bat –eta, gero egiaztatu zenez, zoroa– bururatu zaie; AEBetako New York estatuan egiten den Woodstock rock-and-roll jaialdi erraldoiaren parekoa antolatuko dute etxean, Britainia Handiko hegoaldean dagoen Wight uhartean. Familiarteko oporraldiak pasatzeko toki apropos eta herrikoia da uhartea, Britainia Handiko handiena da eta, Southamptonen ferrya hartuta, erraz irits daiteke bertara. Ziur daude Europako gazteak musika eta festa gose direla. Beraz, aurrera. 1968ko abuztuaren 31n, Godshill herritik gertu dagoen Ford baserriko landetan 10.000 bat lagun bilduko zituzten bi egun iraun zuen jaialdian, Jefferson Airplane taldearen rock psikodelikoak erakarrita.

Dena ondo atera zen, baina hurrengo urterako zerbait berezia behar zuten ikusle kopurua handitzeko, lekutan baitzeuden oraindik “anaia amerikarraren” kopuruetatik. 1969. urtearekin ezustea iritsi zitzaien, hiru urteko isilunea hautsiko zuen Bob Dylanek bira batekin, eta non emango zuen lehenengo kontzertua? Woostocken ordez, inork espero ez zuen tokian, Wight uharteko jaialdi txikian. Antza, Dylan Woodstocken bertan bizi zen eta hippyez nazkatuta zegoen, motor istripua izan ondoren hartutako erretiroan molestatu egiten ziotelako. Abuztuaren 30 eta 31rako prestatutako karteleko izarra zen Dylan. Garaiko talde ezagunak ere baziren, The Band eta The Who esaterako, eta haien ondoan, britainiar abeslari hasiberri bat, Joe Cocker. Gertakariak 150.000 entzule erakarri zituen, horien artean John Lennon, Yoko Ono, George Harrison eta Jane Fonda izarrak. Wight jada kontzertu garrantzitsuen zerrendan txertatuta zegoela pentsatu zuten Foulk anaiek; ez zegoen atzerabiderik, eta orduan 1970eko abuztua iritsi zitzaien. Bi egunekoaren ordez, bost eguneko jaialdia antolatuko zuten, abuztuaren 26tik 30era. Inoiz egingo zen jaialdi handiena, jendetsuena, kalitatezkoena... hau da, inoizko onena izango zen, musikaren historian letra larriz idatziko zen balentria.

Horretarako, tokiz aldatu ziren, ipar-ekialdera, Afton Downeko labar ederretara. Hesi metalikoz inguratu zuten jaialdiaren eremua, baita zakurrez hornitutako segurtasun zerbitzua kontratatu ere, komun-ontziak jarri zituzten eta jendea iristen hasi zen. Eta nola ez, garaiko musikaririk onenak bildu zituzten eta. Kartelburu The Doors eta, prezio beragatik, Jimmi Hendrix, Moody Blues, Joan Baez, Joni Mitchell, Leonard Coen, Miles Davis, Tiny Tim, Richie Havens, Donovan, Taste, Emerson, Lake and Palmer, Jethro Tull, The Who, Arrival eta Chicago bertatik bertara entzun zitezkeen.

Baina paradisua infernu bihurtu zen. «Urtebete daramagu jaialdi hau maitasun osoz antolatzen eta orain hesiak apurtu nahi dituzue? Zoazte pikutara!», oihukatu zion haserre Ray Foulkek agertokitik musu-truk jaialdiaz gozatu eta eremuan sartzeko bertaratu zen jendetzari. Ordaindu, 50.000 edo 60.000 bat lagunek besterik ez zuten ordaindu, eta guztira eremuan, barnean eta inguruko muinoetan banaturik, jendetza. Ia zenbatezina. Guinnes markak hautsi zituzten, eta errekorren liburuaren arabera 600.000 ikusle gerturatu ziren, inguruetan eratutako kanpaleku inprobisatuetan banatuta gehienak. Foulk anaiek, gainera, artisten kapritxoekin borrokatu behar izan zuten, batek (Tiny Tim-ek) dirua cash-en jaso nahi zuelako agertokira irten aurretik –«zein diru? Ez dugu dirurik?»–, besteak (Jethro Tullek) antolatzaileen esanei muzin egiten zieten ikusle oldarkor eta tematiei arrazoia ematen zielako... Bigarren egunean Kris Kristoffersonek haserre alde egin zuen agertokitik, Joni Mitchell negarrari ezin eutsi ibili zen ikusleek txistu egin ziotenean espontaneo bati mikrofonoa utzi ez ziolako. «Jaialdi hau herriarena da! Eta musikariek dirua eskuratu nahi badute, joan daitezela!» aldarrikatuz hesiei su eman zieten kanpoan zeudenek. Sua piztu zen une batean agertokiaren gainean eta atzean ere suminduta zeuden batzuk: «Ez dut doan joko beraiek hori agintzen dutelako. Ez du ez hanka ez bururik. Belaunaldi honek mundu ustel bat jaso du herentzian eta horrelako jarrera errebeldeekin egiten dio aurre. Ez ordaintzearen aldarrikapena horretan datza», zioen Joan Baezek. Azkenean, Foulk anaiek ateak zabaldu zituzten, etsita. Bien bitartean, rockaren historian ahaztezinak suertatu diren doinu eta uneak gertatu ziren Wighteko labar haietan. Bertan Miles Davisek, jazz musikari batek inoiz izan duen entzule kopuru handienaren aurrean, bere musikari beste norabide bat eman zion. Eta han jo zuen Jimi Hendrix handiak ere bere azken kontzertua. Handik aste batzuetara hilik aurkitu zuten, zainetan zamalkatzen den zaldiaren gainean ihes eginda. Honen guztiaren testigantza Murray Lenner zinegilearen “Message to love” dokumental zoragarrian jaso daiteke, hippy mugimenduaren azken hitzordu nagusiaren lekukotza bihurtutako lana. Hor Ray Foulkerri hau entzungo diogu: «Hau izango da egingo den azken kontzertu erraldoia. Amets eder bat bezala jaio zena bere onetik atera eta munstro bihurtu zaigu».

2001. urtera arte ez zuen Parlamentuak Wight uhartean kontzertua egiteko debekua kendu. Gunea tokiz aldatu zen berriz, Seaclose Park-era, eta han gogoraraziko dituzte hurrengo egunetan hippy zoro haien istorioak. Kasabian-ek, Depeche Modek, Liam Gallagherrek, The Killers-ek, Manic Street Preachers-ek eta Van Morrisonek joko dute ekainaren 21etik 24ra. Abonamenduak, 209 libera (238 euro); kontzertu bakoitza 65 eta 75 libera artean jarri dute. 2018an ere ez dago doako Wight jaialdirik!