IRUDITAN

Gatazka ostea argazkietan

Datorren irailaren 30era bitartean, Getxoko kale nahiz aretoak nazioarteko 23 artistaren lanen euskarri izango dira, “Gatazka ostea. Elkarrizketa berreraiki” izenburupean irailaren 6az geroztik egiten ari den XII. Getxophotoren baitan. Orri hauetan, erakusgai diren argazkietako batzuk jaso nahi izan ditugu, lagin gisara. Lerro hauen gainean, Clemente Bernard iruindarrak “Hitz egin” goiburuarekin batu duen lanaren aleetako bat. Euskal gatazkaren gaiari bere konplexutasun osoan heldu dion argazkilariak protagonista egin du desagertutako “Egin” egunkaria; horren bitartez, euskal gatazkaren amaierari buruz modu sinbolikoan hitz egin nahi izan du. Beste orrialdean, goian, itxitako zentral nuklearra ezohiko jolas-parke bilakatuta Alemanian. Modu honetan, Luca Locatelli argazkilari italiarraren “Germany Energy Revolution” lanak gatazka-osteari heltzen dio, baina energetikoa bezalako sektore estrategikoaren ikuspuntutik. Behean, ezkerrean, Paulomi Basuk erakusgai duten lanetako bat; argazkilariak “Centralia” lanaren bidez egia-ostearen gaia aztertzen du Indian, herrialdeko erdialdeko basoetan barrena eraikitako kontakizunaren baitan. Ondoan, Zanele Muholi Hegoafrikako argazkilari eta aktibista bisualaren lanetako bat. “Somnyama Ngonyama” bilduman, eguneroko elementu eta materialak beltzen kulturaren alde estetikoekin konbinatzen ditu, eztabaida politikoa eragite aldera. Erakusketez gain, bestelako hainbat ekitaldi ere ari dira egiten, egun batzuetan behintzat argazkilaritzaren foku bilakatzen den herri honetan.