amagoia mujika
IRITZIA

Amantala

Kroketak biltzen oroitzen zaitut, eskuak orez zikinduta. Ondo borobiltzeko kroketak, gauzak ondo egin behar direla, berdina kostatzen dela gaizki edo ondo egitea. Zuri, bistan denez, ez zizuten gauzak gaizki egiteko baimen handirik eman eta zuk ere horixe eman zenigun guri, etxeko emakumeei.

«Mahaia jarri behar dugu». Eta hor hasten zen festa. Aulki batera igo eta existitzen zirela ere ez nekien ateak irekitzen zenituen hor goiko armairuetan. Platerak atera eta atera. Nik, behetik –txikia nintzenez, oso behetik– platerak ahal bezala pilatzen nituen mahaiaren gainean. «Orain, basoak». Ez zegoen baso bat bestearen berdina. Denak desberdinak. «Bakoitza ama batena», esaten zenuen barrez. Hantxe, kapa beharrean amantala zuen nire superheroia.

Helduen mahaia. Haurren mahaia. «Zenbat gara?». «Berdin da, jarri dauden denak, beti betetzen da mahaia». Aulkiena ez zen tontakeria. Ukuilutik ere ekartzen genituen. Eta, askotan, aulkia partekatu behar zen. «Zuek binaka, ipurdi txiki-txikia daukazue-eta».

Ez kristal fineko koparik, ez kandelaz apaindutako mahairik, ez galako soinekorik. Eta zu, kroketa orez zikindutako amantala erantzi gabe, mahaian kasik eseri gabe, baina mahaian gertatzen zen guztiari adi. Norbaiti errietarako joera igarriz gero, «gaur ez, gaur ez da haserretzeko eguna», esaten zenion suabe-suabe, kasik begiratuarekin bakarrik. Eta han bukatzen zen xextra. Seguruena, hurrengo egunean segituko zuen errietak, builaka eta maldizioka. Baina gau hartan, ez. Gabonetako espiritua esaten dutena hori izango zela ulertu nuen aspaldi.

Norbera handitu ahala txikitzen dira Gabonak; bonbillak erretzen joaten dira eta gero eta argi gutxiago sumatzen da, barruan behintzat.

Kanpokoa beste gauza bat da. Kanpora begiratu eta dena argia da, zelofan paper distiratsua, soineko ederrak jantzita kozinatzen duten emakume ondo orraztuak, plater perfektuak eta, basoak, denak berdin berdinak. Gabonetako espiritua dotore asko jantzia, edonor liluratzeko moduan. Eta nik, aldrebesa izango naiz akaso, baina ez diet batere sinisten. Askoz sinesgarriagoa iruditzen zitzaidan irinez eta arrautzez zikindutako zure amantala eta baso guztiak desberdinak zituen mahai jendetsu, zaratatsu eta desordenatu hura.

Saiatuko naiz kroketak egiten ikasten –neure buruari gaizki egiteko baimena emanez– eta mahaian baso guztiak desberdinak jarriko ditut. Bukatuko dugu zaharra eta hasiko dugu berria. Gauzak bukatzea eta hastea garrantzitsua delako, batez ere urteen kontaketa atzeraka egiten duten mahaietan. Bai, urte bat gutxiago hutsik dagoen aulkia betetzeko.