M. Bengoa
IRUDITAN

Ikuspegi kontua

Zenitala den orok erakartzen gaitu. Berdin da sabaitik sartzen diren argi-izpien efektua den edo gure begiradak, zuzenean, sortutako zerbait den. Tentatzen gaituen amildegi baten aurrean bageunde bezala, goitik behera jarrita, jainko guztien begiraden tokia geuk hartu bagenu bezala kokatzen gara. Horregatik, galdetzen hasita, batek baino gehiagok orrialde honetan agertzen den irudiaren balioa ikuspuntuan datzala esango luke.

Argazkian ikusten den asfaltoa Hanoikoa da. Estimu handiko zoladura izan behar, biztanle baino motor gehiago dituen hiri honetakoa. Vietnam osoa motorrez josita dago, bertan ikusi arte irudikatu ezinezkoa den proportzioan. Legendak dioenez, vietnamdarrak ez dira paseatzen, ez omen dira inoiz oinez ibiltzen. Espaloiak ez dira ibiltzeko; aparkatutako motorrez gainezka daudelako. Ohitura, afizio edo bizimolde izateaz gain, motorrek ere moda pasarela bihurtu dituzte hirietako kaleak, kasko eta anoraken kolore eta formei helduz, euritik babesteko jantzien erreinua aldarrikatzen duten diseinu koloretsuekin. Euria ia egunero egiten duen hiri honetan, simetria topatu nahi izan du argazkilariak. Banakako irudiak, banaka hartuta multzo bat osatzeko. Argazki bakar batek ez luke ezer esango; multzoa da zentzua ematen diona, begirada harago luzatuz gero motor multzo izugarria besterik ikusiko ez zela jakinda ere. Horra, ikuspegi zenitalaren bitxikeriak.