Alaia Martin
IRITZIA

Noren esku bizi

Urtebetetzeetako kandelak erosten dituztenek badakite zerbait zaintzaz; egoera magikoak magikoak ez direla, magia eraiki egiten dela dakiten pertsonak izaten dira. Gurasoen pilulak egunkako laukitxoak dituzten kaxatxotan arretaz sartzen dituzten pertsonek badakite zerbait zaintzaz eta botikak amaitu aurretik botikak erosteko garuneko karpetatxo berri bat zabaldu beharrak sortzen duen kezkaz.

Zaindutako pertsonek mediku zein erizainekin dituzten hitzorduak beren egutegietan idazten dituzten pertsonek badakite zerbait itzalaz; norberaren egutegian beste norbaiten zerbait apuntatzen duenak beti estaltzen duelako bere egutegi zati bat. Otorduetarako janaria erosi eta prestatu aurretik, menua etxeko intolerantzien, gustuen eta gutizien arabera pentsatu eta birpentsatzen duenak badaki zerbait tripak jateaz.

Etxeko gune zorrotzetan ertzak ikusten dituztenek eta ertzak kamuts bihurtzeko tramankuluak pentsatzen, erosten eta ipintzen dituztenek badakite zerbait biribilak izan behar etengabeaz. Biharamunean gosaltzeko esnea bezperan agortzeko zorian dagoela jabetu eta erosketa zerrendan gehitzen duenak badaki zerbait eguneroko o(n)giaz.

Umeari fardelak aldatzearen aldatzez umearen ipurdiaren gorritasun maila kalibratu eta ukendua noiz eman kromatikoki erabakitzeko gai denak badaki zerbait atze-lanez. Azterketa garrantzitsu bat egin aurretik gertukoari tonu gozoagoan eta ulerkorragoan hitz egiten eta entzuten dionak badaki zerbait eguneroko probez.

Bi pertsonen arteko haserrea leuntzeko bataren eta bestearen ikuspegiak era enpatikoan partekatzen (bien haserrea berarengana bideratzeko arriskuarekin, jakina) eta helarazten ahalegintzen dena askotan ez da ulertua eta neurri berean babestua izaten beste norbaitekin edo bere buruarekin haserretzen denean.

Zaindu eta zaindu eta berriz zaindu ondoren kideak zainketa zantzu txiki batzuk eman eta zorionak eta miresmen harridura eta jasotzen ez duenak badaki zerbait ohiko zaintzailearen ikusezintasunaz eta ezinbestekotasunaz.

Martxoaren 8an egingo den grebaren harira Euskaraldiko aditzak eta txapak erreproduzitu zaizkit buruan. Badagoela asti pixka bat pentsatzeko eta konpentsatzeko, alegia. Ez legokeela gaizki bakoitzak bere buruari zein txapa jarriko liokeen hausnartzea: bizi ala prest. Edo bi aldeetara errebertsiblea den txaparik duenik baden. Nor bizi den eta nor dagoen beti prest. Nork daukan ahoa bizi baina belarriak ez hain prest, nor dagoen prest besteen esku bizitzeko. Norantz begira dauden norbere eskuak.

Zaintza ez da aukera bat, ez da hobeagoa, detailezaleagoa eta maitatuagoa bihur zaitzakeen unekako hautu bat. Ardura bat da eta ardura hori ez da bigarren ekografian erabakitzen. Ardura hori, ardura guztiak bezala, hartu egiten da, edo ez da hartzen.