Amagoia Mujika
IRITZIA

Osasuna eta denbora

Batzuetan –askotan– bizitzak lezio galantak ematen dizkizu. Gutxien espero duzunean eta, segur aski, gehien behar duzunean. Urtebetetze eguna ospatzeak gero eta nagi handiagoa ematen didala esaten hasita nengoenean, zapla!

Antoniorekin aritu naiz hizketan lehendabizi. Ehun urte betetzeko bidean, hiru urte zitueneko oroitzapenak kontatu dizkit, garden, atzokoak balira bezala. Ama hil zitzaien hiru urte zituztela eta bi irudi dauzka begietan hartuta. Lehena, ama ohean gaixo. Bigarrena, goizean esnatu eta amona sukaldean gosaria prestatzen. «Non da ama?», galdetu omen zion amonari. «Ama jaungoikoak eraman du berekin», amonaren erantzuna. Horixe besterik ez du gogoratzen amaz. Horixe bakarrik edo hori dena, nahikoa memoria bada ordutik 93 urte joan direla kontuan izanda.

Ondo bizi dela esan dit, burua ondo, osasun ona, denbora puzzleak egiteko... «ez daukat kexatzerik». Umil-umil, lasai-lasai, abuztuan 96 urte betetzeko pronto. Edo ez. Ja ez omen dago ezer eskatzeko, etortzen dena pozik hartzeko baizik.

Denbora paretsuan tokatu zait zu agurtzea, Jokin. Antonioren adin erdiarekin, mende erdia bete gabe, joan egin behar izan duzu. Hark osasuna eta denbora izan ditu ondo eta luze bizitzeko. Zuk ez bata ez bestea. Planak egiten sumatu zaitut kasik bukaera arte, zure bizikleta buruan hartuta. Irribarrez oroituko zaitut, azkena esan zenidanez, «haserretzeari alternatibak topatu nahian». Zuk ere etorri dena hartu duzu, ahalik ondoen, nahiz eta etorri dena latza izan.

Umetan, urtebetetzeko bezperako gaua berezia izaten zen. Iruditzen zitzaigun urteak betetzen genituen egunean desberdin esnatuko ginela, pertsona desberdinak izango ginela. Zazpi urteko gu eta zortzi urteko gu, bi mundu aparteko, salto handi bat bizitzan.

Nerabetan presa izaten genuen urteak betetzeko, gauzak probatzeko, arauak hausteko, handien pribilegioak geureganatzeko –betebeharrak ez noski–. Orduan ere desberdin esnatzen ginen gure urtebetetze egunean. Ospatu ere, latz.

Ez dakit noiz, baina urte batzuetatik hona ez dut espero desberdin esnatzea nire egunean. Urteak betetzea ja ez da hain zirraragarria. Baina, noski, ez betetzea aukera askoz txarragoa da.

Zeozer ikasi dut azken egunotan, bien artean kasik 150 urte pilatzen dituzten bi lagunen ondoan, nahiz eta urte horiek oso modu desorekatuan banatuak egon. Akaso ez genituzke urteak bete behar, egunak bete beharko genituzke, eta betirako izango garen uste ustela erantzi. Jokin, hau da aste honetakoa, baina zuk ezingo duzu irakurri. Ez ni berandu ibili naizelako, zu goiz joan zarelako baizik.