Miren Burgoa
MARTEREN KROMATISMOA

Planeta gorrian milaka kolore

Marte gorria da. Esaldi hau ezin biribilagoa da, zerua urdina dela edo Amazonas inguruan berdea nagusitzen dela diotenak bezala. Lurra planeta urdina dela esaten dugu, gailentzen den kolorea itsasoarena delako, ez tonalitate gehiago ez dituelako. Martera hurbildu diren sateliteek hainbat koloretako argazkiak atera dituzte eta azken urteotan NASAren zientzialari-interpretatzaileek galeria bizia osatu dute.

Planeta gorriaren deiturak badu, noski, errealitatearekin zerikusia. Alta, ñabarduraren bat behar du esaldiak. Lehen begiradan, bere azala gorrizta da, atmosfera inguratzen duen burdin oxidoaren eta herdoil hautsaren eraginez tonalitate hori hartzen baitu, baina bere geografiaren toki eta gune batetik bestera koloreen paleta zabaldu egiten da. Baita era harrigarrian zabaldu ere batzuetan.

Aspalditik Martera hurbildu diren sateliteak kolore desberdinetako irudiekin itzuli izan dira. Baina 2018az geroztik, NASAren High Resolution Imaging Science Experiment ekimenari esker, planeta horren azaleraren argazki sorta miragarriaz gozatzeko aukera daukagu. Askotan, hango harkaitzak, mendiak, dunak eta kraterrak berde antzera agertu izan dira. Baita urdin kobalto, gris eta horixka ere. Martek daukan mineralen aniztasunean datza horren arrazoia. Osaera geologiko aberats horren ondorioz, mineralak, metalak eta ñabardura kromatiko desberdinez marraztutako harkaitzak agertzen dira bere azalean eta, noizean behin, gorria ez beste den Marteren irudiekin gozarazten digu NASAk.

Orriotako argazkiak Mars Reconnaissance Orbiter sateliteak atera zituen 2018. eta 2019. urteetan. Itsaslabarrak, kraterrak, paisaia izoztuak eta hondar duna harrigarriak altxatzen dira nonahi. Goian, eskuinean ikusten dena Lyot izeneko kraterraren eremuan dagoen duna urdina da. Ingurua ezaugarritzen duen material fin-fineko hareaz osatuta dago eta hortik datorkio urdin turkesa kolorea. Kontuan izan behar da, ordea, Marteren azalaren argazkiak “renderizazioak” edo interpretazioak direla. Sateliteek harrapatzen dituzten irudiak, bereizmen ikaragarri handiarekin eginak, ezinbestekoak dira planeta gorriaren geografia ezagutzeko. Baina zuri-beltzean hartzen dute irudia. Zientzialarien lana da bizitza eta kolorea ematea irudi hauei. Eta kasu honetan, zientzialari-interpretatzaileek kolorea urdina dela uste dute.

Planeta gorrira bidalitako “rover”-ak –robot arakatzaileak– argazki makinez hornituta daude, bertako lurraren kromatismoa hobeto biltzeko, baina kolorearen kalibrazioa baldintzen araberakoa da. Erabat aldakorra, hain zuzen ere. Distira eta argiztapenaren baitan dago mendi beraren bi argazki, tresna berdinarekin hartuta ere, erabat desberdinak izatea. Oraindik, edozein paisaiaren kolore-sorta bereizteko ezagutzen den tresnarik eraginkorrena –begiak, alegia– erabili ez direnez, zeresana emango du Marte gorriak.