Marian Azkarate
IRUDITAN

Adar luzeko katebegia

Lasai dago Longjia txinatar herriko neskato hau, esperoan. Ilargi-urte berriko Loreen Dantzetan parte hartuko du aurki, aurretik bere amak egin zuen legez eta, bere aurretik, haren amak. Denboraren lanbroan galtzen den kate luzeko katebegia da daraman janzkera; lore txiki eta finez brodatutako soinekoa eta buruko handia, bere herriaren nortasunaren ikurra. “Emakume adardunak” deitzen baitiete hego-mendebaldeko Txinako miao etniako emakumeei. Ezizena burukoetatik datorkie, noski. Handia eta beltza da, eta animalien adar handi biren inguruan estu lotutako ileorde antzeko honetan artilea, lokarria eta dagoeneko beraien artean ez dauden amonen ileak biltzen dituzte. Belaunaldiz belaunaldi gordetako buruko hauek jai guztietan janzten dituzte, arbasoak gurtzeko eta, bide batez, haien kulturako ohiturak modernitatearen uholde bortitzetik babesteko. Txinako Herri Errepublikako 1.400 milioi biztanleetatik, bederatzi milioi miao etniakoak dira –onespena duen gutxiengo minorizatu bakarrenetarikoa da– eta gehienak hego-mendebaldean bizi dira; 5.000 Guizhou menditsuko hamabi herri isolatutan, argazkiko neska bezala. Agian bere jantzia ezaguna egingo zaizue, Clint Eastwooden “Gran Torino” (2008) filmagatik. Bertan bi gazte hmong ziren protagonista; hau da, Vietnamen CIA estatubatuarrak erabili zituen miao etniakoak. Thailandian eta Guyana Frantsesean ere miao edo hmongak bizi dira.