Urtzi Urrutikoetxea
beso zabalik hartzen zaituen herria

Aljeria, berriz ere zabaltzen

Urte askoan, 90eko hamarkadara arte, bidaiarien herrialde kuttunetakoa zen. Magrebetik haratago, Saharaz gaindi, Afrika beltzeraino iristeko bide nagusia ere bazen Erg handiaren eta dunen arteko bideetatik, tuaregen lurraldetik Niger edo Maliraino ailegatzeko. Baina gerra zibilak hori guztia eten zuen; Aljeria bere baitara itxi zen, eta bi hamarkadatan jaso dituen bisitari bakarrak Estatu frantsesean ziren aljeriarrak eta aljeriar jatorriko familiak izan dira. Azkenaldian, berriz ere irekiera txiki bat bizi du, eta Tunisia edo Marokoko kopurutik oso urrun egonda ere (bisa behar delako, besteak beste), gero eta gehiago dira Afrikan horren hurbil gelditzen zaigun herrialdea ezagutzera doazenak.

Oraindik oso bisitari gutxi ditu Aljeriak, litekeena da egonaldi osoan ia beste turistarik ez ikustea. Azpiegitura falta erronka da tarteka, baina bakarrik egotearen sentipenak xalo eta beso zabalik hartzen zaituen herrialdean ibiltzearekin bat egiten du. Basamortutik Mediterraneoko kostalderaino egindako txangoaren kronika duzue hau.

Bartzelonatik ordu eta erdiko hegaldiak ekarri gaitu Oranera. Badira ontziak ere, Alacantetik esaterako; ordu gutxi batzuk baino ez dira behar Aljeriara etortzeko. Kostaldeko eguraldi mediterraneoak basoak berdetzen dituen euri freskoa dakar; Ghardaian aldiz, lehen unetik nabari da klima desertikoa. Eguneko epelak gaueko freskurari egiten dio leku, baina lehorra da nagusi, batetik hauts ugari mugitzen duena baina bestetik horren osasuntsua dena asma eta arnas arazoak ditugunontzat.

Mzab oasi itzela da, palmondo sailez betetako haran luzea, eta bost herri ditu. Ghardaia da bostetako handiena, askotan inguru guztiak ere Ghardaia izena hartzen du. Hegazkinetik jaitsi zein lurrez iritsi, lehen ikuspegia zoragarria da, Mzab ibai lehorra eta palmondoen oasi amaigabea haranaren luzeran. Harana mozabita amazig (berbere) herriaren arragoa da; mendeetan kultura berezia garatu dute, suni erlijiotik bereizitako ibadismoaren arau irekietan oinarrituta. Kabiliarrak edo riftarrak bezain ezagunak izan ez arren, amazigen artean begirune handia duen kultura aberatsa daukate, urtez urte handitzen ari den arabiar biztanleriarekin gatazka bat baino gehiago izan badute ere.

Ostatu eta zerbitzu gehienak Ghardaian daude, eta hiri nagusiak azoka interesgarria badu ere (alfonbra ederrak egiten dituzte mozabitek), Beni Isguen da mozabita herriaren arkitektura tradizionala eta nortasuna ondoen gorde dituen herria. Muino baten maldetan eraikitako herria da, harresiz inguratuta, eta amazig herri berezi honen antolamenduaren adibide: herrian sartzeaz bat, harrera egiten dizun batzorde txiki bat dago; haiek arduratzen dira bisitaz eta gidariaz. Prezio xumea da, baina derrigor ordaindu beharrekoa, ez baitago Beni Isguen bisitatzerik batzordeak agindutako gidaririk gabe. Merezi du, hala ere, haren bidez azokako xehetasunak ezagutzeko (enkantearen unean helduz gero, ikuskizun berezia da), eta maldan gora doazen kalexkak ezagutzeko, Borj Boleila dorrera heldu arte. Gora iritsita, hilerri txiki bezain interesgarria dago, eta palmondo basoaren ikuspegi bikaina.

Iparralderantz. Ghardaiatik, gaur egun, ezin da bidaiariek hain maite zuten Afrika Beltzeko bidea hartu, Niger eta Maliko mugak itxita dituelako Aljeriak. Eta Tamanrasset eta tuaregen lurraldera ere ez, baimen berezi batekin eta hegazkinez baino ezin da-eta iritsi. Hala, iparralderantz jotzea ebatzi dugu. Merkeak dira barne hegaldiak Aljerian, baina proposamen interesgarriagoa egin digu Hocem adiskideak: bere autoan joatea Konstantinaraino. Ia hamar orduko bidea da, garraio publikoz gauez egin ohi dena, baina egunez goaz. Bidaia zoragarria da, road-trip luze eta bikaina basamortuan barna zatirik handienean. Ehunka kilometro desertiko, palmondo sailen bat noizean behin, eta atzera ere basamortua. Baina astiro-astiro ureztatze-zelairen bati erreparatzen diozu bidean, eta hala, landaredia gehituz doa. Orduak igaro ahala, muinoetan zuhaitzak eta basoak ere iristen dira, eta halako batean iparraldeko zurrunbiloan sartu gara, autobide eta guzti. Konstantina Aljeriako hirugarren hiria da, baina erraz bisitatu daiteke erdialdea oinez. Arroila estu baten gainean eraikia dago, eta haren gaineko zubiek famatu dute Konstantina: Sidi M’cid eta Mellah Slimane zubiak amildegiaren gainean daude. Martirien plazatik zubietara eta kasbah-ko atarira doazen kale luzeetan dago zokoa, eta haren inguruan dago Souk el-Ghazak meskita eta Ahmed Bey-ren jauregia.

Konstantinatik hurbil samar erromatarren garaiko hainbat gune daude. Ikusgarriena Djemila da, duela bi mila urteko Cuicul herria. Erromatar boterea eta afrikar edertasuna batzearen adibide onena da, adituen iritzian. Turista gehienak aljeriarrak dira, eta Afrika iparraldeko gunerik garrantzitsuenetakoa izan arren, litekeena da bisitari gutxi egotea eta lasai asko bisitatzea, Kabilia Txikiko muinoen paisaia bikainean.

Kabilia eta Aljer. Djemilatik Setif-era eta handik Kabiliako kostaldera doan bidea itzela da: mendiak, arroila estuak eta basoak, itsasoa azkenean... bere nortasun laikoari eta hizkuntzari eusten dion kabiliar herriaren bihotzean gabiltza. Bejaia kontraste handiko lekua da: batetik, merkataritza eta ontziolen hiria da, Aljeriako bigarren portu handiena daukalako; bestetik, historiak, kostak eta mendiek zein hondartzetako hotelek, turismorako leku bikaina dela iradokitzen digute. Detaile txikietan nabari da aldaketa, buruzapi gutxiago daude hemen, eta alkoholarekiko jarrera erlaxatua da nagusi. Kafetegian bi neska daude lasai-lasai jesarrita, Kabiliatik kanpo nekez ikus daitekeen bezala. Hiriko zurrunbilotik ihesi, Cap Carbon ikusgarria dago hurbil, eta Pic des Singes edo Tximinoen mendia –izenak adierazi bezala, makako asko dabiltza inguruko basoetan–. Aljer hiriburura trena eta autobidea badaude ere, merezi du Kabiliako mendietan barneratzea. Tizi Uzu da kabiliarren hiriburua; bisitariak erakartzeko gune gutxi ditu, kabiliar erresistentziaren hiriburu izateaz harago (ondorioz, polizia asko egoten da, uniformerik gabe euretako asko). Unibertsitatearen inguruan, esaterako, nabarmena da giro politikoa.

Aljer hiriburua Tizi Uzutik ehun kilometrora dago, ordu eta erdi inguru garraio publikoz. “La blanche”, zuria, deitu zioten frantsesek. Badia itzela dauka, eta mendeetan Berberiako piraten gune garrantzitsuenetakoa izan da. Martirien plazaraino metroz irits daiteke; hiriaren historia ezagutzeko leku garrantzitsuenetakoa da. Urrats gutxira hasten da Unescoren ondare den Aljerreko kasbah eta Ketchaoua meskita, kalexka estu eta nahasiekin. Etxe asko hondatuta daude, baina badira bisita merezi duten txokoak, hala nola Arte eta Herri Tradizioen Museoa. Plazaren aurrean, Djema el-Djedid meskita eta meskita handia daude, eta beherantz joanda, arrantza portua. Inguruko jatetxeak bisita amaitzeko leku paregabea dira.