Alaia Martin
IRITZIA

Aurrerakohiak

Buru zabaltasunik falta ez zaiela adierazten duten askok aho zabaltasunik ez dutela falta esan nahi dute, ziurrenik. Garaiak aldatu dira, harreman hautu eta bizikerak inoiz baino askeagoak omen dira izan, familia mota ezberdinak nahi beste omen daude eta beganoa, orojalea edo intsektujalea izanik ere ez omen da inor epaitzen; bakoitzak nahi duena jan, edan, egin, musuka eta sinets omen lezake. Adibidez, sinets zenezake, oraintxe esan dudana.

Aurrerakoiak gara eta geuk ere familian, kuadrillan edo lantegian x bat daukagula esaten dugu eta naturaltasunez daramagula eta bereziki jatorra dela, gainera. Agian bai, aurrerakoi-aurrerakoiak gara, baina ni, batzuetan, aspertu egiten naiz. Hautu guztiak errespetatzen ditugu baina inor gutxi errespetatzen dugu. Lagunak diskrezioz gordetzeko eskatutakoa diskrezioz kontatzen diogu beste lagun bati. Ezagun bati beste ezagun bati buruz entzundakoa aipatzen dugu; mingaina luzatzen dugu, informazioaren jabetzak ematen duen boteretxoa une batez dastatzeko.

Guztia, harreman mota (alde guztiek onartuak, noski) guztiak onartzen ditugu, baina apur bat normatibotik aldentzen direnak bereziki errespetatzen ditugula azpimarratzeko, bereziki zabaltzen ditugu lau haizetara, morboagatik ez, hezitzaile izateagatik ariko bagina bezala. Izen eta abizenekin eta ahal bada ñabarduratxo makur batzuekin, gainera.

Hitz egin aurretik zertaz ari garen ziurtasunez jakitea komeni dela eta iturri fidagarrietatik edan behar dela behin eta berriz defendatu arren, geure sormenaren ehuneko handiena besteen bizitzez dugun interpretazioaren hutsarteak osatzen erabiltzen dugu. Aspertu egiten gara, nonbait, geure bizitzak erraz-erraz aztertzen, hobetzen eta bideratzen ditugulako, eta GKEak gu, ezin jatorragoak, besteen bizitzak konpontzeko dekalogoak asmatzeko borondatezko lana hartzen dugunok… (Nahiz eta dekalogoak aurpegian ordez, bizkarrean itsatsi).

Benetan inporta balitzaigu eredu berrien sustraitzea eta onarpena eta benetan –manikeismo merkeetan sartzeko tentazioari uko eginda– estrategikoak bagina, halako ereduen, alternatiben, berrien… berri izanez gero, isildu egingo ginateke eta isilean poztu. Edo isilean harritu/asaldatu zenbaitetan eta harridura geure baitan deseraiki eta kokatu. Bestela ez ote dugu ez-normatibo dena etengabe aipatuz –“laudorioztatzeko” denean ere– eta horri buruz zurrumurruak hedatuz arrarotasuna, ezohikotasuna, berezitasuna are ertzekoago, bereizgarriago eta zaurgarriago bilakatzen?

Dena da politikoa –ez da berria–, baita harremantzeko dugun era ere, baina isiltzen edo esaten duguna ere bada izan; ez genuke hori ahaztu behar.

Zurrumurruen aurkako ZAS taldeak kanpaina interesgarria egin zuen bestelako zurrumurruen harira –estigmatizatzeko arriskuez…– eta geuri ere geure bizitzetan kanpainatxoak egitea dagokigula uste dut. Gauza hauskorrak babesteko erarik onena ez da beti eskuetan hartzea edo esku hartzea, ez ukitzea baizik. Kanpainatxoa txikitik hasten da: niri ez kontatu zeuri buruzkoa ez den eta konta ezin dezakedan ezer ere.