Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Zein aldetatik?

Zinemari buruzko oinarrizko ideia zenbait unibertsitatean ikasi genituen. Raccord akatsei buruzko apunteak, plano sekuentzia luzeen balioa, baina haien erabilgarritasunaren konplikazioak eta alde berdinetik, beti alde berdinetik grabatzeko beharra. Azken hau zinemara ez ezik, agian telebista bidez emitituko litzatekeen elkarrizketa batera ere muga daiteke. Zergatik? Platoa, grabazio eremua edo dena delakoa bitan zatitu behar da eta ezinbestekoa da erdi bakar horretan, aldi bakar horretan, kamera finkatzea eta planoak bertatik grabatzea eta ondorenean, muntatzea. Hala izan ezean, hau da, kamera eremu horren beste aldera, beste zatira, pasatuz gero, eszenaren ikuskera erabat aldatuko litzakeelako ikuslearentzat. Ezkerrean legokeen elkarrizketatua eskuinetik ikusiko genuke, eta eskuinean dagoen elkarrizketatzailea, ezkerrean. Mundu ikuskera bera da aldatzen dena, alderik alde, alde batean edo bestean pausatuz gero. Aldearen aldaketa litzateke bai telebistan, bai zineman, bai bizitzan legokeena hesiaren albo batetik bestera emandako jauzian. Goiko irudia Hegoafrikako Soweto auzunean hartutakoa da. Mutiko bat dago zulatutako alanbrezko murruaren erdi-erdian. Hark, ziurrenik, ez ditu oraindik ez zinemaren ez telebistaren arauak ezagutuko, baina mundua eremuaren zein aldetatik ikuskatuko duen erabakitzear dagoela dirudi. Nahiz hirugarren aukerarik ere badagoen; erdian geratu eta begien aurretik pasatzen den guztia nahi beste begiratzea.