Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Zapata azpian

Lur mortuaren gainean hamarnaka, ehunka, milaka kilometro egin izan dituzte palestinarrek beren historian zehar, erabaki politikoek lur mortu berbera beraien oinen azpitik kendu zieten arte. Oinak lurrean izan dituen herrialdea izaki, zorurik gabeko lurraldean bizitzera zigortu dituzte beraien bizitzak... Bizitzak eta bihotzak, haien oinek historian zehar zapaldu duten lurra besteen gogoek zapaltzen baitute orain.

AEBetako presidente Donald Trump eta Israelgo presidente Benjamin Netanyahu ageri dira goiko irudian. Esanguratsua, zapatek esaten dutena. Argazkia joan den otsailaren 3an ateratakoa da, Khan Yunis-en (Gaza). Manifestatzaile palestinarrek beren oinetakoak Trump eta Netanyahuren aurpegiak agertzen dituzten karteletan itsatsi zituzten, bi agintarion aurkako manifestazio batean.

Libre bizi nahi duen herria da palestinarrena, edozein herrialdek izan dezakeen gurariaren tamaina bereko nahia. Haien zapatek jarraituko dute ebatsitako lur mortuen gainean ibiltzen, noizbait, norbaitek –ziur asko palestinarrek eurek– beraien estatu-estatus propioa izateko eskubidea lortzen duen arte. Esaten da ez dagoela ikusi nahi ez duena baino itsuagorik. Eta hala da, baina zilegi litzateke esatea ere ez dela maitatua den herria baino herriagorik. Eta horretaz, tamalez, euskaldunok ere badakigu zerbait.