Alaia Martin
IRITZIA

Langileen egunak

Laneko segurtasun eta osasunaren eguna pasa da eta langilearen eguna pasa berri. Urtero izaten da langileen eguna ospatzeko nahiko arrazoi baina aurten, aukerek agian ez, baina arrazoiek gainezka egin dute. Ez naiz akatsen zerrenda osatzen hasiko, aditua ez naizelako alde batetik eta bestetik eta batez ere, eztarriko mina jartzen zaidalako zerrendatzen haste hutsarekin.

Lan aitortuen munduaren ehuneko handi bat geratu zenean itxi ziren lehenetarikoak denda txikiak izan ziren. Askok esan didate egunotan kalean ibiltzeak tristura eragiten diela, isiltasunarekin eta tantakako jendearekin baino gurutzatu ez direla eta. Pentsa genezake gerorako, handienetan eta urrunduenetan erosiz, saltoki txikiak itotzen eta itotzen ibili ondoren, zein kale giro eta bizitza geratuko zaigun, opari gisa. Aurrez goibeltzea ona da batzuetan gero goibeldu beharrik ez izateko.

Lan aitortuen munduaren ehuneko handi bat geratu zenerako erabakia zuten zeintzuk diren oinarrizko jarduerak. Beti da interesgarria oinarrizkotzat zer jotzen dugun aztertzea baina kasu honetan are interesgarriagoa eta tamalgarriagoa da aztertzea oinarrizkoa norentzat den oinarrizko; nori begira erabakitzen den oinarrizkoa zer den. Herritarren gehiengoarentzat? Ekonomiarentzat? Nolako eta noren ekonomiarentzat? Oinarrizkoa letra larriz idazterik balego bezala idatzi da oinarrizkotasuna. Kontuan hartu gabe, gainera, oinarrizkoena, hain dela oinarrizkoa, kasu asko eta askotan ez dela lan bezala ikusten, ordaintzen eta aintzatesten. Zaintza oinarrizkoa da baina hori inertziek bermatzen dute, baldintzarik eta aitortzarik gabe bermatu ere. Gaixotzeraino.

Ezin oinarrizkoagoak diren osasun langileak oinarrizkotzat jo ziren hasiera-hasieratik baina oinarrizko babes ekipamendurik ez zitzaien eman. Babes ekipamendurik ez emateaz gain, testak egiteko (baliozkoak diot) aukerarik ere ez zuten izan denboratxo batez, batez ere beraien eta ondorioz gainerakoen arriskua saihestea oinarrizkoa ez balitz bezala. Euren lan baldintzak ere aurrez egindako murrizketa lotsagarriek baldintzatuta dago erabat; ordularia erantzita lan egin behar. Txalo langileei baina batez ere, botoak langileak babesten dituztenei, mesedez. Eta bizirik eta hildakoan, horretatik ere tamalez badugulako, aurretik ere, dolurik ezin osatu eta lurperatu gabe lurpean dagoenik...

Langileen eguna pasa berri eta etxetik lan egin daitekeela eta ordutegi malguagoak izan daitezkeela ukatzen zutenei, keinu ironikoa. Orain, kolpez, posible da eta gainera derrigorrezkoa. Posible diot onartu egin delako, baina agian posible-posible ere ez da ume pare euforiko bat, ordenagailu oso-oso vintage bat edo antsietate maila potolo bat izanez gero (adibidez).

Lanera itzultzeko maskaratxoak ere banatu dituzte zenbaitetan baina lan jardunaren denboraren erdia doi-doi babesten dutenak; politak dira keinuak baina lan baldintzak, lagunok, ezin dira keinutan oinarritu. Nire asmoa, horretan jakitunagoa naizenez gero, kultur langileez aritzea zen… baina funtsean eta praktikan hartzen al gaitu inork langiletzat?