amagoia mujika
IRITZIA

Gozo eta duin

Bero egiten du. Azalean itsatsita daramagu beroa eta erretxindu egiten gaitu. Pausoa geldotu eta jenioa bizitu. Hala ere, uretan freskatzera goaz autoan girotutako haizea jarrita. Lursail zabal horretan piperrak biltzen ari dira, denak gizonezkoak eta denak beltzak. «Kiskaliko dira». Arratsaldeko lauetan berrogei gradutan lan horietan aritzea ez da oso gizalegezkoa. Baina ari dira.

Gu goizean goiz hasten ginen piperrak biltzen. Gu, herriko nerabeak, herriko lursailetan aritzen ginen piperrak biltzen. Hori izaten zen gure udako lana. Orduan ikasi genuen piperrak biltzen, zein neurri zen egokia eta nola heldu behar zitzaion landareari kalterik ez egiteko. Baina hori baino askoz gehiago ikasi genuen. Ez ditut ahazteko egun haiek. Ondo gogoan ditut nire ondoan egoten ziren lagunak. Seguru haiek ere akordatuko direla. Ilaraka antolatzen ginen. Bakoitza bere ilaran makurtuta, piper landareak eskatutako neurrian. Tarteka, kantuek eta barreek alde egiten zuten ilara batetik bestera. Barrez eta kantuan bai, baina serio samar aritzen ginen piperrak biltzen, gero kiloka ordaintzen baitziguten. Bakoitza bere piper zakuarekin hurbiltzen ginen pisura eta apustuak egiten genituen, zeinek zenbat bildu ote zuen. Eskura ordaintzen ziguten eta arratsaldean, hondartzara, parrandara...

Hamarkada batzuk joan dira geroztik. Pentsatzen dut preskribatu duela. Bai, adin txikikoak ginen... segur aski gauza asko zeuden oker egoera horretan. Baina guk ikasi genuen ez dela erraza dirua poltsikora eramatea. Ikasi genuen taldean lan egiten, lan giroa gozatzen eta ikasi genuen inori dirurik ez eskatu beharrak askatasun handia ematen duela. Egia osoa esaten hasita, sailen jabeek ondo tratatzen gintuzten, ez zitzaigun urik falta eta nahi zuena nahi zuen egunetan joaten zen piperrak biltzera. Eta bero handia egiten bazuen, etxera. Diru hura ez genuen jateko edo etxekoei jaten emateko behar. Izozkietan eta parrandan xahutu genuen. Izan gaitezen zintzoak; egoera batzuk ezin dira parekatu.

Baina bai, orain gizonezko beltzek egiten duten lan hori herriko nerabeek egin izan dute lehenago. Zenbat aldatu diren gauzak. Ez ditut irudikatzen oraingo nerabeak piper sailetan makurtuta. Akaso ez ditudalako irudikatzen egungo gurasoak beren portzelanazko seme-alabak piper biltzera bidaltzen. Egia da orain beste lan batzuetan aritzen direla, prekarioak horiek ere. Eta akaso prekarioetan prekarioena gizonezko beltzek egiten dute orain. Mailaketa aldatuko zen. Espero dudan bakarra da pertsonak bezala tratatuak izango direla, piperrak biltzen genituen herriko nerabeak tratatuak izaten ginen bezain gozo eta duin.