Jokin Urain
IRITZIA

Burkoa

Burua babesteak lan handiak ematen dizkigu. Gorputzeko gainerako atalak eta soin osoa babestu nahi eta behar izaten ditugu, bizitza osoan gainera, baina buruaren zaintzak ahalegin handiagoa eskatzen digu, jaiotza momentutik hasita. Eskuarekin gogo eta bigun hartu, mugimendu leunak, zalapartarik gabe… Ez dakit abereetan hauskorrenak ote garen munduratze une horretan, ezinduenak eta guztia behar dugunak, baina argi dago berez ez garela ezer askora iristen mundualdi honen hasieran.

Eta gerora, ingurua ezagutu, ikusi, norbera handitzen eta ariketa berrietara egokitu nahian goazen heinean ugaldu besterik ez dira egiten arazoak, fisikoak eta bestelakoak. Bestelako arazo horietan sartuko nituzke giza izaerari dagozkionak, egunetik egunera ugaltzen ari direnak, hurkoarenak batez ere, norberarenak baino dezente errazago sumatzen direlako. Horiek dira, beharbada, konpontzen ere zailenak ematen dutenak, errazenak behar luketen arren, besterenak direnez.

Burua babestu eta zaintzeko hornidurei dagokienez, zenbait denda handitan arreta berezia erakartzen didate kaskoek, burua babesteko tramankulu handi, txiki, arin, astun eta zernahi motakoek. Lagin ziztrinen bat baizik ez duzu aurkituko halakoetan. Eta, agian, ez dira historiako tresnarik dotoreenak, baina daukaten zeregina betetzera bideratuak daudenez, horretarako inoizko onenak dira, zalantzarik gabe. Horien ondoan beste ikusgarritasun bat dute duela mendeetako haiek, batik bat zartada eta kolpe, gerra eta liskar itsusietan burua babesteko helburuz egindakoei dotoreziaren ukitu ezberdinak gehituta zituztenak. Historiako momentu ezberdinek, gerra bakoitzak, dantzak, jolasak… buruan eta kaskoan eragina izan du, kolore bat gehituz, gandorra erantsiz, lumak ipini edo loreak kenduz.

Gaur, dena den, burkoaren irudia etorri zait kasko batena baino gehiago. Zozomikoteen hilabetean eman diote lur, edo harlauza, Aita Santu Erromakoari. Hasieran, horrela esanda, burkotzat harlauzaren gogorrak ematen dit erreparoa; lotarako, kokote eta lepo aldean burko bigun-gozoak, izan artilezkoak, izan beste gairen batekin egindakoak, abaro eta igurtzi sentipenak ematen dituela esango nuke, harlauza hotz gogorrak ez duen gozotasuna. Ordezkoa abian izango da honezkero, izendatua edo izendatzear, historiak jarrai dezan. Buruaz eta buru babesgarriez beste iritzi bat izango du.