Luzernako glaziar lorategia, materiaren soslaia
Luzernako glaziar lorategia, munduko mendilerrorik zaharrenean kokatua, lurrari buruzko historia ikasgai bat da, baina baita paisaia geologikoaren zerbitzura dagoen arkitekturari buruzkoa. Harriei buruz ikasi eta museo paregabe baten aukerak balia ditzake bertan bisitariak.

Luzernako lorategi glaziarrean, Gletschergarten, arkitektura paisaia berezia da. Wesemlingo hareharrizko formazio baten magalean, Lurraren historia sakona erakusten duten museoa eta parke geologikoa daude, eta diseinuaren sentsibilitate garaikidean murgiltzeko esperientzia eskaintzen dute.
1872an, glaziar zaharrek antzina zulatutako formazioekin topo egin zuten ustekabez, -duela 17.000 urte inguru izotzak zizelkaturiko hutsuneekin-, eta bisitatu ahal izateko integrazio lanak egin zituzten, leku maldatsu hartan bideak eta pabiloiak integratzen saiatuz norbanakoaren esperientziarako. Parkea erakargarria suertatu zen, eta 2012. urtean Miller & Maranta arkitektura bulego suitzarrari multzo hura birpentsatzeko enkargua egin zioten, espazioa ordenatzeko, zabaltzeko eta berrinterpretatzeko helburuz.

Proiektu berriaren funtsa, Schweizerhaus-aren alboan sorturiko bilgunea da, hark elementu guztietara bideratzen baikaitu; glaziarraren zuloetara, Sommerau larrera doan harri bidera, erakusketa gela berrietara, nahiz lurpeko jolas labirintora. Esku hartze orotan, arkitektura eta geologia elkarri lotuta doaz, historiaren pasarteak kontatzen dituzten espazio zeiharrak zeharkatzen dira proiekzioen, soinuen, iluntasunaren eta isiltasunaren eskutik. Ibilbidea denboraren irakurketa sentsoriala proposatzen duen bidaia da. Haren amaieran, harriaren eta hormigoiaren arteko dantzak sorturiko eskailera agertzen da, harkaitzean induskatutako espazioen sekuentziaren bitartez bisitaria gainazalera gidatzen duena. 20 metroko sakoneratik hasita, bisitariek pausoz pauso argiari jarraitzen diote gorantz, oinarrizko natura fenomenoak eta pertzepzioak esperimentatuz. Eguzki argia gehiago sartu ahala, landarediaren presentzia handituz doa. Zeharkaldia Sommeraun amaitzen da, hirira begiratzen duen zuhaitzen arteko soilgunean.

Miller & Marantaren proiektua ez da soilik handitze museografiko bat, paisaia geologikoaren zerbitzura dagoen koreografia arkitektonikoa baizik. Eraikuntza baino gehiago, aurkikuntza prozesu baten moduan ulertu daiteke. Eraiki ordez, gehiago eraitsi edota hustu da, harkaitzak bere soslai propioa marraztuz. Emaitza materiaren gidaritzapean formalizatzen den arkitektura da.
Kobazulo bertikalaz gain, bolumen berriak eraiki dira aldi baterako erakusketak jasotzeko, paisaiarekin jarraitutasun material bera mantenduz.
Zehazki, haien hormak lekuan bertan induskatutako materiarekin eraiki dira, eraikuntza tokira errotuz. Harkaitzaren jarraipen garaikidetzat uler daiteke multzoaren parte den geometria irregularreko bolumena.
Gletschergarten berria, geologia esperientzia bihurtu da arkitektura zainduaren esku hartzearekin. Espazioak narratiboak, ukigarriak eta emozionalak dira.
Naturaren eta artifizioaren arteko oreka horretan, bisitariak paisaia zeharkatzeaz gainera, historian murgiltzen da ingurunea aditzea ahalbidetzen duen azpiegitura arkitektonikoari esker.


El mercado de Santo Domingo, a debate

El legado vivo de Manu de la Sota

«Sotak euskal diasporaren potentzial politiko eta kulturala oso goiz ikusi zuen»

«Batzuetan etxea barrutik pixka bat garbitzea ez legoke gaizki»
