Botere paisaiak
Landare eder, elikagarri eta sendagarriz hornituta, lorategiak loreak eta zuhaitzak hazteko espazio bat baino gehiago dira. Artikulu honen egilearen hitzetan, arkitekturaren luzapena dira; pertsonek naturarekiko duten harremana eta mundua ikusteko beste modu bat irudikatzen dituzte.

Lorategia betidanik izan da zintzo-zintzo ordenaturiko landareen eremua baino askoz gehiago; garai zehatz batek gizakiaren eta naturaren arteko harremana ulertzeko duen moduaren metafora da. Errenazimentutik barrokorako bidean, Europako lorategiek metamorfosi sakona izan zuten, geometriaren eta paisaiaren arteko elkarrizketa harmoniatsu batetik boterearen eta handitasunaren eszenatokira salto eginez.
Erdi Aroan jardinek elikadura eta medikuntzarako sendagaien funtzio praktikoak bete zituzten; Errenazimentuan, aldiz, munduari begiratzeko modu berria izan ziren. Naturari mesfidantzaz erreparatzen zion ikuspegi zaharrak begirada baikor eta arrazionalagoari eman zion bidea. Lorategia, ortu erabilgarri izateari utzi, eta arkitekturaren luzapen bihurtu zen: hiribildu edo jauregi baten eraikuntzan nagusi ziren proportzio, simetria eta perspektiba arau berberen arabera pentsatutako espazioak. Leon Battista Albertik idatzia utzi zuen, han nonbait XV. mendearen erdialdean, hiribildua leku garai batean kokatu behar zela, lautadaren, itsasoaren edo hiriaren bistara irekita, lorategiak ortzi-mugetaraino luza zitezen. Lehenago izua sortzen zuen paisaia bera, begiesteko ikuskizun izatera pasatu zen, lorategia gizakiaren eta munduaren arteko zubi bilakatuz.
Landaketak balio apaingarriengatik egiten ziren, izan ere, eta hostoen kolorea eta loreen usaina gailendu ziren erabilgarritasunaren gainetik. Natura, edota begetal bizidun horiek, arkitektura material bat gehiago bezala konposatzen ziren lerro zuzenen parterre laukizuzenetan. Ordena arrazionalak eta geometrikoak bizitzaren perfekzioa bilatzen zuen, egunerokotasuna gainditzen zuen esperientzia estetiko eta emozional indartsuagoa. Horrela, arkitekturaren antzera, lorategiek ere perspektiba eta proportzioen lege zorrotzei erantzuten zieten. Esaterako, Florentziako Palazzo Pittiren atzean dauden Boboli lorategietan, dena pentsatua zegoen etxea eta lorategia konposizio batean bateratzeko, eta gizakia unibertsoaren harmoniaren mikrokosmos miniatura baten jabe sentitzen zen. Lorategiak eraikinaren prestigioa handitzen zuten baliabideak ziren.


Alabaina, XVII. mendea iristean aldatu egin zen espiritu hori. Barrokoak geometria errenazentista oinordetzan hartu eta, hura gutxi balitz bezala, muturreraino eraman zuen. Errenazimentuan perspektibak etxea eta paisaia konposizio harmoniko batean integratzeko balio izan zuen eta orain infinitua konkistatzea zuen desira. Ostertza ez zen muga, erronka baizik, eta, horrexegatik, ardatzak ugaritu eta ibilbideak luzatu egin ziren urrunago iristeko nahiari jarraiki. Natura etxekotua erabateko ikuskizun bihurtu zen jolas bisualekin harridura sentsazioak sorraraziz.
Korronte berri horretan urak protagonismo berezia hartu zuen. Errenazimentuan apaingarri izaera zuen; barrokoan, ostera, lorategien arima eta ezaugarri bihurtu zen. Iturriek, ur-jauziek, urmaelek eta kanalek sinfonia likidoak sortzen zituzten, bisitaria liluratzeko diseinatuta. Versailles garai hartako jardinen paradigma zen, Europako barrokoaren erreferente gorena eta ondoren egin ziren lorategi guztien eredua. Jauregia eta lorategiak batera antolatu ziren, ardatz berberen arabera, arkitekturaren hedapen gisa ulertuta. Begetalen artearekin batera, urari forma emateko artea ere sagaratu zuen barrokoak eta “hydroplasie” deiturikoa muturreraino eraman zen. 1672. urte inguruan mila iturritik gora zeuden, eta handik urte gutxira 1.400era iritsi ziren. Ura naturarekiko giza boterearen sinboloa zen, elementuak ere ikuskizun bihurtu zitezkeenaren froga.
Jardin barrokoak handitasun logikari jarraitzen dio; heskaiak eskulturak balira lez zizelkatzen ziren eta labirintoek ibilbide enigmatikoak ezkutatzen zituzten, besteak beste. Versailles ez zen lorategidun jauregi hutsa, arkitekturaren eta naturaren arteko elkarrizketa ikusgarria zen, erregearen boterea legeztatzeko proiektaturiko agertoki ideologikoa.
Bi estiloen edota korronteen arteko desberdintasunak gizakiaren eta munduaren arteko harremana ulertzeko bi modu ezberdin erakusten ditu. Lehenak harmonia arrazionala bilatzen zuen, natura geometriarekin antolatzea, perfekzioari jarraiki eta kontenplazio espazio bat eskainiz. Bigarrenak, berriz, zirrara sortu nahi zuen, infinituraino heldu eta natura handitasun eta botere ikuskizun bihurtu.
Bata nahiz bestea, ordea, sustrai beretik hazi ziren, garaian garaiko amets eta obsesioen arabera, ordena ezartzearen beharretik, naturari forma ematearen beharretik.
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

Mantala jantzi, ondarea gal ez dadin

La mercantilización de la menopausia
