Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Tratu ona

Kostatzen ari da, baina uste dut tratu txarrak identifikatu eta izendatzeko ahalegina emaitzak ematen ari dela. “Mi marido me pega lo normal” esatetik gatoz, duela ez hainbeste. Hori beren azalean sufritu duten emakumeak inguruan ditugu, garaikideak dira. Emakume horiek astintzen zituzten gizonezkoak ere ez daude oso urruti, kale berak zapaltzen ditugu. Baina jendartearen begiek lehen ikusi (nahi) ez zituzten gauzak ikusten dituzte orain. Normaltzat hartzen ziren beste gauza batzuk azkura eragiten digute eta gizon-emakumeen arteko hartu-emanen nolakotasuna ez dela ‘etxeko trapu zaharra’ ikasi dugu.

Aurreko astean pareko espaloian eztabaida sutsuan sumatu nuen bikote gazte bat, gizona eta emakumea, eta konturatzerako hiruzpalau herritar gerturatu ziren zer pasatzen ari zen jakiteko. Hurbildu zirenak eztabaidan ari zirenak baino dezente zaharragoak ziren. Kargu hartu zioten gizon gazte horri, bere hitz egiteko modua ez zela egokia, buila batean ari zela eta tratatzeko ondo emakume hori. Bikote gazteak berean jarraitu zuen, errietan, interpelatu zituztenei «beren kontuetan» sartzeko aginduta. Ez dakit nola bukatuko zen eztabaida, baina ez zeukan itxura onik. Garbi ikusten zen ez zela bikotearen lehen sesioa eta erabat normalizatua zegoela bien artean harremantzeko modu bortitz hori. Gizonak buila eta emakumeak negar. Gaztetasunaren eta pasioaren izenean min asko egiten da, gogor maitatzea ez baita bortitz maitatzea. Testuinguru horretan bortitz haserretzea ere baimendu egiten da. Haserretu, gero gozo-gozo adiskidetzeko. Klasiko bat.

Azaroak 25. eguna ere izan du aurten, eta indarkeria matxistaren kontrako mezuak jaso ditugu handik eta hemendik. Dena da ongi etorria. Baina azkenaldian pentsatzen ari naiz tratu txarren kontrako kanpainak adina behar ditugula tratu onen aldekoak. Gure inguruko nerabeak eta gazteak beren artean nola harremantzen diren ikusi eta maizegi gure garaiko formekin akordatzen naiz. “Los que se pegan se aman” garaikoa naiz ni.

Ez dakit filmak eta serieak diren, sare sozialetako mezuak diren, telebistako zabor saioak diren... baina maitasun erromantikoak bizi-bizi jarraitzen du, bere miseria guztiekin. Pasioa pasioaren gainetik, dena baimenduta. Kontrapisua egin behar da, tratu onen aldeko aldarria egin, elkar zaintzekoa eta errespetatzekoa, espazio propioak izatekoa. Bestela, kontzientziatutako belaunaldi zaharragook pareko espaloitik ikusiko ditugu gure ondorengoen errieta matxistak. Mina ematen badu, ez da pasioa eta ez da tratu ona.