Sokatira
Urte berriari lehen zimikoak egiten ari garen garaian, buruan dabilzkit urte zaharraren zimur zatarrenak. Zimurra zimurraren gainean gara. Ez dira igualak irribarreak kilimekin egindakoak edota haserreak zakar markatutakoak.
Sentipena daukat 2025ean ia egunero gosaldu dudala Trumpek esandako astakeriaren batekin eta ia iluntzero oheratu naizela Abascalen mozolokeriaren bat entzun eta gero. Errutina tristea. Eta kezkagarriena -nire zimurrentzat behintzat- eguneko gainontzeko orduetan sumatu dudana da: duela gutxi astakeriak zirenak denbora gutxian normaltasun bihurtu direla ez oso urrutiko solasaldietan. Anbulatorioko itxarongelan, fruta-dendako ilaran, kafetegiko alboko mahaian, autobuseko atzeko partean, kiroldegiko aldagelan... Lehen toki horietan kabitzen ez ziren iritziak gero eta ozenago sumatu ditut. Abascalek «moro zikina» esaten du mikroen aurrean eta horren oihartzuna gure egunerokoan sartzen da ohartzerako. Seguru bat baino gehiago konturatu dela Gabonetako familia jatordu “baketsu” horietan. Hortxe, kroketen eta arrain zoparen tartean, iritzi arrazista bat irristatzen da mahaian, ttak.
Telesail batean jakin nuen Overtonen Leihoaren teoriaren berri eta interesgarria iruditu zitzaidan. Overtonen Leihoak une jakin batean publikoki eztabaidatzeko onargarritzat jotzen diren ideia politiko eta sozialak adierazten ditu. Legitimo eta arrazoizko jotzen diren ideiak leiho horren barruan daude. Aldiz, erradikalak, pentsaezinak edo muturrekoak jotzen direnak, kanpoan geratzen dira, alde batera eta bestera. Baina leiho hori ez da mugiezina. Faktore sozial, politiko eta mediatikoen arabera, alde batera edo bestera mugitzen da. Adibidez, XIX. mendean sufragio unibertsala muturreko ideiatzat hartzen zen; gaur egun funtsezko eskubidea da.
Zerk mugitzen du leihoa? Jendartearen arauak eta printzipioak aldatzen direnean mugitzen da. Eta bistan da agintari politikoek badutela gaitasuna jendartearen iritzietan eragiteko, ezkerrera edo eskuinera.
Ez dut astakeriak entzutera ohitu nahi. Belarrietan azkura sentitzen segi dezagun komentario arrazistak, matxistak, xenofoboak, zapaltzaileak... entzuten ditugun aldiro. Trumpek, Abascalek eta enparauek hain lasai botatzen dituzten astakeriek herritar gehienen bizitza asko okertzen baitute. Overtonen Leihoa esan dakioke edo sokatiran sokari gogor eutsi eta tokian mantentzea. Mugitzekotan, gure aldera.
Jende zoriontsua herri libre batean. Urte berriari beti gauza bera eskatzen diot.




