Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Sanferminak

Sanferminak dira goizean goiz abiatzea Iruñerantz. Bost zapi gorri sukaldeko mahaiaren gainean. Aitari eskua emanda azokan ibiltzea. Zaldiak, gaztak, erroskillak. Zintzarri erraldoi bat erostea aitonaren mendiko zaldi erraldoiarentzat. Bueltako bidaia osoan dan-dan etengabe bat autoan. Amaren, «egongo al zarete geldirik behingoz zintzarri horrekin?». Anai-arreben arteko barre konplizeak.

Sanferminak dira Iruñeko lagunen eskutik Estafeta kaleko lehen solairu batean gosari eder bat. Egunak gaua harrapatu eta zu tartean tokatzea, azken tragoaren eta lehen kafearen artean. Balkoitik begiratuta zezenak gimnasioko basapiztiak iruditzea eta pentsatzea sekula santan ez zarela parean jarriko. Inoiz jan dituzun txurro onenak jatea.

Sanferminak dira erietxeko logela bat, «egon lasai, dena ondo doa». Minak bitan erdibituko zaituela sentitzea eta erditu hitzari zentzu osoa hartzea uzkurdura baten erdian. Zure aurpegitxo hori eta mundu aldrebes honetara ekarri izanaren kezka. Hormona festa.

Sanferminak dira Nagore Laffage. Duela 18 urte, alaba galdu eta hilabete gutxira, Asun Casasolak bere etxean hartu ninduen elkarrizketa bat egiteko. Alabaren logela erakutsi zidan, Nagorek berak utzi zuen bezala. Uste dut oraindik horrelaxe dagoela. Egongela hartan Asunekin hizketan, barruan bueltaka ideia bat zebilkidan: gure txikiak hiru urte bete zituen egunean bi ertzainek jo zuten Asunen Irungo etxeko tinbrea. Alabaren hilketaren berri eman zioten. Amatik amara, betirako geratu naiz emakume horren minari lotua. Denon mina da. Nagoreren heriotzarekin, Asunen barruan betirako itzali zen zerbait. Baina arratsalde hartan igarri nuenez, betirako piztu zen beste zerbait: justiziaren aldeko borroka amaiezina eta emakumeontzat mundua hobea egiteko grina.

Sanferminak dira Asun Casasola, min latzenetik arrastaka ekarritako borroka amaiezina. Azken 18 urteetan gauza asko aldatu dira. Iruñea aldatu da, bai eta Euskal Herria ere. Lehen azal lodiagoa genuen indarkeria matxistaren aurrean. Aiseago identifikatzen dira erasoak eta elkar zaintzen ikasi dugu. Tamalez, erasotzaileak badaude oraindik. Txosna guneren batean entzun dudanez, «ez badakizu egoten, ez etorri». Eta egoten dakizulakoan etortzen bazara, jaia bizi gozamenetik, zaintzatik. Eta ikasi gorputzak entzuten.

Sanferminak izan daitezela amesten dituzun horien antzekoak.