Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Arrisku handikoa

Futbol partida bat “arrisku handikoa” izendatzen dutenean, ederki antzematen da kalean. Poliziak, trafiko mozketak, segurtasun hesiak, tentsioa. Tristea da, baina erabat normaldu dugu futbolak indarkeria dakarrela.

Futbol zelaietan ikusten eta entzuten direnek ere eman beharko lukete zer pentsatua. Zelaira ogitartekoa besapean sartzen diren askok pertsona zentzudunak ematen dute partida hasten den arte. Haserretzen direnean barrutik ateratzen zaien orro ikaragarri hori; pozten direnean toki beretik pizten zaien lololo hori. Eta horretan denak igualtsuak dira, talde batekoak edo bestekoak izan. Eta normalean -beti ez esatearren- gizonezkoak. Kanpotik begira jarriz gero, galdera bat pizten da: Non daukate gordea bortizkeria hori dena? Gorputzeko zein poltsikotan?

Futbola arrisku handikoa da, ez bakarrik kaleetan, baita etxeetan ere. Duela aste batzuk jokatu zen Munduko Futbol Kopako finala, igande batez, gaueko bederatzietan hasita. Espainiako Berdintasun Ministerioak eman du datua: igandeko 23:00ak eta asteleheneko 07:00ak bitartean %120 igo ziren 016 telefonora egindako deiak. Indarkeria matxistaren biktimei arreta ematen dien zenbakia da. Gainerako harremanetarako bideetan ere gorakada larritzekoa izan zen: posta elektronikoan jaso zituzten laguntza eskaerek %1.000 egin zuten gora, online txatean %60 igo ziren kontaktuak eta whatsappean %8,75.

Panorama are latzagoa da. Final horren ondorengo 48 orduetan, indarkeria matxistak hiru emakumeren hilotzak jarri zituen mahai gainean Estatu espainolean, bi Malagan eta hirugarrena Toledon.

Badira urteak mundu mailan futbolaren eta indarkeria matxistaren inguruan ikerketak egiten ari direla, baita kontzientziatzeko kanpainak ere. 2014an Erresuma Batuan egindako ikerketa baten arabera, indarkeria matxistak gora egiten du futbolari lotutako kirol ospakizunetan. Erasotzailearen taldeak irabazten badu, %26 egiten du gora indarkeriak, eta, galtzen duenean, %38. Alkohola, substantzia toxikoak, maskulinotasuna, testosterona... Lololo tuntun horien atzean gauza asko daude. Ez, ez da ulertzekoa paretaren kontra ukabilkada bat ematea zure jokalariak kale egiten duenean.

Galdu edo irabazi, emakumeak beti galtzaile. Galtzen ikasi behar da, baita irabazten ere. Eta norberak bere pozak eta tristurak eusteko adina indar izan beharko luke besoetan, inoren kontra jaurtitzeko beharra sentitu gabe. Has gaitezen horri buruz pentsatzen. Bertantxe ditugun futbol zelaietatik has gaitezke.