Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
IRITZIA

Zaletasunak

Futboleko botak erosteko orduan aitak beti gauza bera kontatzen zuen: «Guk zapatilak kentzen genituen futbolean jolasteko orduan, oinetakoak ez puskatzeko. Pare bakarra genuen denerako eta puskatuz gero, a ze errieta etxean. Hanka-hutsik jokatzen genuen eta horrela ama ez zen konturatzen futbolean ibili ginela. Hanka-hutsik sartu nion gola Arconadari Ondarretako hondartzan!». Hamar bat urte zituzten biek gol historiko hura gertatu zenean.

Orain dozena bat urte apenas dituzten haurrak ikusten ditut ehunka euroko futboleko botekin eta hilabete gutxian txikiak geratuko zaizkiela kalkulatzen hasten naiz, haurrei oina hazi egiten zaielako, azkar gainera. Eta gure aitak esaten zuena etortzen zait gogora: «Botek bakarrik ez dute futbolean jokatzen, norberak eman behar dio txukun baloiari».

Orain errepidean noala, bizikletak ikusten ditut han eta hemen, galtzerdi fluoreszenteak eta diseinuzko kaskoak. Eta bizikletekin obsesionatuta dagoen kopilotuak segidan botatzen dizkit bizikleta horien ezaugarriak eta prezioak. Eta harrituta geratzen naiz.

Orain mendi bueltaxka egiterakoan modako aldizkari batetik ateratako mendizaleak ikusten ditut, goitik behera eta behetik gora material tekniko puntakoarekin, zein baino zein ponpoxoago, eta nire mendiko zapatilak pandemiaren aurrekoak ote diren akordatu nahian aritzen naiz.

Orain korrikalariak ikusten ditut paseorako bideetan eta iruditzen zait maratoiko markak hautsi dituztenen zapatila berak daramatzatela, 100 gramora iristen ez diren horietakoak. Eta, hurrena, zein marka hautsiko ote duten galdetzen diot neure buruari, eta 200 gramo urdaiazpiko erosteko apeta sortzen zait.

Haurren dantza emanaldietan ikusten ditut argazkilaritza zaletasun duten gurasoak. Argazkilari profesionalen batek kamera eskasagoarekin segitu omen du Munduko Futbol Txapelketa.

Zaletasunak eliteko bihurtu zaizkigula iruditzen zait. Aspalditik pentsatzen hasia nintzen zaletasunak izatea derrigorrezko bihurtu ote den. «Zein da zure hobbya?» galdetzen dutenerako, erantzun elegante bat eduki behar omen da. Eta hori gutxi ez, eta zure zaletasuna zein den erabaki ondoren, horretarako puntako eta eliteko materiala erosi behar duzula dirudi.

Denborarik ez dugun garaiotan, denbora betetzea derrigorra bihurtu da eta, gainera, postureorako aukera ematen duen moduan… Akaso zoriontasuna dirudi Instagrameko argazki batean, baina nago beste hitzen bat beharko lukeela.