Bizirautearen disrupzioa

Garazi Albizuak duela bi urte idatzi zuen “Termita”, iaz jaso zuen Euskadi saria gaztelaniazko literatura atalean, eta aurten Bego Montoriok ekarri du euskarara. Kate horren emaitza dugu begi parean, ezohiko bezain zorioneko. Kontraerranak bizi duen obra da, funtsean maitasun istorio bat izan arren, urrun dagoelako hori irakurrita espero dugunetik. Halaber, unibertso berezia eraiki du egileak, zer eta errealitaterik gordinena kontatzeko. Tenkatuta dauden soken gainetik, funanbulista baten pare, egiten du aitzin narrazioak.
Formalki erreparatzen badiogu, 31 zati ditu, atal motzen segidan, “Esperanza”-n hasi eta “Beti dago tren bat”-ean buka. Egitura ez da lineala eta ahots narratiboa lehenbiziko pertsonan solastatzen da. Angeles Mastretta edo Brenda Navarro etorri zaizkit gogora tonuari dagokionez. Pertsonaia gehienak emakumeak dira, eta agertzen diren gizon bakanak bortxaren putzu dira. Dena den, indarkeria beti dago presente, hortik eraikita baitago protagonista. Beraz, ezinbertzean ageri zaizkigu bere errealitatearen parte diren familia harreman ihartuak, pobrezia, lan prekaritatea, osasun mentala, gorputzarekiko harremana…
Protagonistak 47 urte dituela kontatzen digu, teleoperadorea dela, lodia… zapalkuntzak pilatzen zaizkio, baina ez da biktima. Altxatu egiten da itotzen duten egiturazko arazoen kontra, baina ez da heroia. Ez du iduri, bederen, hala hartzerik nahi duenik. «Izen bat eta toki bat asmatzen ditut: Isolda naiz, Malagatik ari natzaizu. Eta nire denboraren zortzi ordu eta erdi horietan kexei, irainei eta mehatxuei erantzuten diet. (…) Lantokia itsasi egiten zait» .
Norberarekiko pertzepzio gatazkatsutik abiatzen da «Nire gorputzarekin lehian ari da arropa. Behar ez den tokian tolesten da, zimurtzen da, zikintzen da eta urratzen da», eta ama aztertzen du gero: «La Josek [amak] balizko istorioak irensten ditu nerabe-grinarekin (…). Baina La Jose ez da bizitza horietako protagonista, eta berearena izateko aukera galdu du: ez daki hirurogeita bederatzi urte izaten». Azkenik, amatxirekin osatzen du belaunaldi arteko erradiografia: «Alaba, nire izeba, etorri zaio bisitan Termitari [amatxiri]. Erruaren aztarna antzematen dut sukaldeko baldosetan sakabanaturik». Ez da krudela, baina ez du errukirik: «Gizartearen begietara, emakume agorrezinak dira; nireetara, atso nekatuak baino ez».
Obrak etengabe urruntzen du irakurlea paternalismotik, polarizaziotik eta biktimismotik, aitzitik, erroko kausen inguruko hausnarketarantz bultzatzen du, konplexutasunerantz, interpelaziorantz. «Nazka ematen didazue eta ez zaituztet inoiz ulertuko. Inoiz ere ez. Asko maite zaituztedan arren». Batzuetan pribilegioak jasotzen dira herentzian, bertzeetan, aldiz, indarkeriaren ondorioak.

«La Iglesia tiene tensiones, pero no creo que predique un mensaje y luego esté viviendo una cosa totalmente distinta»

Menú degustación, ¿un formato agotado?

Vaca Muerta, viaje al corazón del fracking

Épica rockera a la irlandesa
