Garazi Albizua
IRITZIA

Elikadura 5. gama

Kapazak gara denbora dastatzeko? Aurreko batean, alabarekin jatetxe batera joan nintzen, biok bakarrik: ama eta alaba. Zerbait berezia egiten ari ginelakoan, hirira mugitu eta tartetxo bat hartu genuen bazkaltzeko. Aukeratu nuen jatetxeak oso dekorazio berezia du eta platerak ezohikoak dira, etxean nekez jango ditugunak. Alaba emozionatua zegoen. Ni ere bai.

Heldu ginen tokira, aurretik izana nintzen eta horregatik ezagutzen nuen estetika. Beharbada, idealizatua nuen, memoriaren eta denboraren arteko jolas makiavelikoaren tranpan erorita. Kontuak kontu, lekuaren iruditeriak ez zuen tokiarekin bat egiten, nonbait, mozorro bat begitandu zitzaidan. Alabari gustatu zitzaion. Zahartzen ari nintzela pentsatu nuen. Eseri eta karta ikusi genuen, elkarrekin banatzeko oturuntza aukeratu genuen. Arin heldu zen. Arin galdetu zigun langileak ere zer hartu behar genuen, irri egin zuen, baina arina hura ere. Lasterka geundela iruditu zitzaidan.

Alaba postreen karta irakurtzen saiatu zen, orrietan zeuden irudiak erakarrita.

Ate ondoko mahai batean hartu genuen lekua eta jendea pasatzen ikusten eman nuen otordua. Arin mugitzen ziren.

Mokaduak dastatu nituela badakit, baina ez dut ondo gogoratzen nola. Arin murtxikatuko nituen, arin irentsi eta ur tragoa edan. Pixkanaka-pixkanaka ondoez bat sentitzen hasi nintzen. Apurka bizkarrezurra zeharkatu eta nerbioen bidetik gorputzetik zehar sakabanatu zen. Pisutsua. Gorputza hotzak hartuta duzunean bezala eta besoek behar dutena baino gehiago pisatzen dutenean bezalakoa. Tristuraren antza zuen. Egonezina geldoa zen, pisutsua eta irensten ari nintzen.

Alabak txokolatezko izozkia jan zuenerako, leher egina nengoen. Arin batean atera zidaten kontua, arin batean ordaindu eta arin batean atera ginen jatetxetik. Alaba eta biok eskuak helduta poliki ibili ginen hiritik autobus geltokirantz.

Lagun bati azaltzen ari naiz zer zen sentitu nuena, ez dakit oso ondo zein hitz diren egokiak, bueltak ematen dizkiot bizitako emozioari, diot: «Beharbada niretzat zerbait berezia zena, sartzen ziren pertsonentzat arrunta zen, eta horrek berezitasuna kendu zion». Edo diot: «Akaso janariaren zaporea ez zen gogoratzen nuena, beharbada igualegia zen supermerkaturen batean erositakoarekin». Berak buruarekin baietz esan dit, ez du oso argi zer zen zehazki barneratu nuen kontua, baina ziur dago ez naizela pertsona bakarra. Orduan, jo du mikrouhinak, bero-bero dago janaria. Aurrekoan, supermerkatuan, janari prestatua duten esparru erraldoian erosi zuen. Aurrean ipini dit platera, koilarakada bat eraman dut ahora, kea sartu zait sudur zulotik geldo, mantso eta pisutsu.