Mikel Ibarguren
Kazetaria
JO PUNTUA

Independentziaz

Bitoriano Gandiagak Madrilen guztitariko lagunak egin zituela dio poema batean. Ezkerreko zein eskuineko. Madrilen euskaldunak jende gisa atseginak garela dio, baina ez euskaldun gisa. Gatazka aipatzen zuelarik denak haserretzen zitzaizkion, antza. Gaur egun ere gastronomiaz hitz egitean abegikor zaizkigu, baina geure etorkizunaz hitz egiten hasiz gero, txiton. Orduan ameskeriak baino ez ditugu buruan; gauza irrealak planteatzen ditugu. Ideologikoki ezkerrekoak diren Monedero bezalako pertsona jantziei ere halaxe gertatzen zaie. Justizia sozialaz edo demokraziaz hitz egiteko ez dago arazorik, baina nazio aldarrikapenen aurrean «tik» bera duela ikusi zaio. Independentzia amets polita bai, baina ezinezkoa da; Espainia izeneko bost mendeko abentura komuna partekatzen omen dute espainiarrek eta katalanek. Finean, espainiar unionisten mentalitate berbera dauka Monederok, beste eredu batez, baina Espainiaren proiektu politiko hegemoniko baten barruan nahi ditu nazioak.

Baina Europan bertan abagune dialektiko eta soziala profitatuz, utopiatik gero eta gutxiago duten nazio proiektuak ugaritzen eta azkartzen doazela ikusirik, ez dakit nik betaurrekoek edo ideologiak egiten dion huts Monederori. Edo, akaso, ni neu nago betaurreko beharrean eta, zergatik ez, arrazoi luke Monederok: agian dena da amets bat, ezinezkoa; baina batzuetan ametsek amets izateari uzten diote. Cadizko konstituzioa egin arte Espainiaren batasunik ez zegoen zentzu berean da ametsa egun Kataluniaren edo Euskal Herriaren independentzia.

Mignolo historiagileak esango lukeen bezala, ordea, historiarik gabeko nazioak orainaldiaren aurrekoak dira eta historia duten nazioek (estatu-nazioek) historiarik ez daukatenen historia idazten dute, eta horrela gabiltza oraindik ere haien begietara, Monederok dioen abentura komun horren barruan. Espainiaren eta Frantziaren labirinto historizistaren barnean.

Agian, semantikatik harago, errealitate nazionalak ere badaudela hobeto ikusteko begi-lagunak beharko lituzke Monederok betaurrekoen ordez.