GARA
DONOSTIA

Martutenera martxa, Ladron, Azkona eta Ariznabarretaren askatasuna eskatzeko

Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarreta gazteak aska ditzatela eskatu zuen atzo «martxa laranjak». Salatu zutenez, «demokrazia eredu honetan», A-8 moztea da delitua, ez horren zergatia.

Martuteneko espetxeraino heldu zen atzo desobedientziaren kolorea hartu zuen martxa laranja, Ainara Ladron, Aritz Azkona eta Naroa Ariznabarretaren askatasuna eskatzeko. Hiru gazte horiek 2007an “Jarrai-Haika-Segi auzia” salatzeko A-8 autobidea mozteagatik auzipetutako bost gazteetako hiru dira. Epaiketara ez aurkezteagatik atxilotu eta kartzelatu zituzten martxoaren 3an.

Fiskaltzak bi urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen 2007ko protesta horregatik. Martutenen egun batzuk eman ondoren eta epaiketarako astebete falta denean, Estatu espainoleko espetxeetara urrundu dituztela salatu zuten atzo, Azkona Valladolidera eraman baitute, eta Ladron eta Ariznabarreta, Logroñora.

Eleak-Libre mugimenduko ordezkariek honela salatu zuten egoera hori: «Euskal Herrian inposatu diguten demokrazia eredu honetan, delitua ez da dozenaka gazteren eskubide zibil eta politikoak bortxatzea, horiek atxilotzea, torturatzea, espetxeratzea, dispertsatzea eta ondoren kargurik gabe libre uztea. Jendarte honetan delitua gertakari horiengatik indarkeriarik gabe A-8a moztea eta epaiketara ez azaltzea da». Salaketari eutsiz galdera gehitu zuten: «Dozenaka euskal gazte atxilotu, torturatu, espetxeratu eta dispertsatzeagatik inor zigortu al dute? Paretan pintada bat egitea da delitua eta ez pintadaren atzean dagoen bortxaketa».

Ildo horretatik, gazteen ekintza defendatu zuten. «Edonoren eskubide zibil eta politikoen bortxaketa salatzea guztion betebehar politikoa izanik, zuek eredu izan zarete, injustizia horren aurrean desobedientziaz eta ekintza zuzenaz jokatuz», adierazi zieten kartzelatutako gazteei Martuteneko espetxearen aurreko mobilizazioan.

Ondoren, A-8a mozteagatik auzipetuta dauden Saioa Zerainek eta Asier Alberdik duela 9 urteko protesta ekintza zergatik egin zuten gogorarazi zuten. Esan zutenez, helburua «garai hartan Jarrai, Haika, Segi gazte antolakundeen aurka Auzitegi Gorenak emango zuen sententzia salatzea» zen eta «Euskal Herri libre eta justua lortzeko euskal jendartearen eta, zehatzago, euskal gazteria konprometituaren militatzeko eta borrokatzeko eskubidea aldarrikatzea». Nabarmendu zutenez, epaiketa politikoa da beraiena eta «desobedientzia zigortzea eta elkartasuna kriminalizatzea» ditu helburu.

Halere, argi azaldu zuten «desobedientziaren bidean pausoak ematen» segituko dutela. «Lege injustuen eta justiziaren artean aukeratzera behartzen bagaituzte, guk justizia aukeratzen dugu», baieztatu zuten.