GARA

KULTURGILEAK, EUSKAL ESTATUAZ: PREMIA BAI, BAINA ESTRATEGIA NAGUSIRIK GABE

Euskal kulturako eragileen iritzia jaso du «Euskal Estatua irudikatzen» ikerketak, enpresariena jaso zuen lez. Ez dute haren premia auzitan jartzen, bai, ordea, helburuak. Euskal hizkuntza eta kultura berreskuratzea beste eginkizun posibleen gainetik jartzen dute.

Euskal Estatu baten beharra ez da zalantzan jartzen euskal kulturgintzan eta euskalgintzan. Ez dago «Estatua bai edo ez» eztabaidarik, baina auzitan jartzen dira balizko estatu horren helburuak, hura bultzatu beharko lukeen subjektu politikoaren nolakotasuna, baita estatu proiektuaren egokitasuna bera ere. Hori da, hitz gutxitan, Ipar Hegoa fundazioak eta Parte Hartuz ikerketa taldeak “Euskal Estatua irudikatzen” txostena osatzeko euskal kulturako eragileen artean galdetu ondoren atera duen ondorio nagusia.

Bost ezaugarri orokor ditu ikerketan parte hartu duten kulturgileek irudikatutako estatuak. Lehenik eta behin, estatuak txikia izan behar du. Zentzu honetan, jarrera anti-instituzionala antzeman dute egileek. Arrazoia edo jarrera horren zergatia herri ekimenean oinarritutako euskararen aldeko borrokaren historian kokatzen dute.

Balizko euskal estatuaren bigarren ezaugarria herri ekimenari ematen dion protagonismoa da; izan ere, estatuak izan beharko luke honen osagarri, eta ez alderantziz. Kulturgileen ustez, «estatuaren egintzak ez luke bideragarritasunik gizarte mobilizatu baten partaidetzarik gabe, hizkuntza berreskurapenaren helburuak lortzeko, behinik behin», dio txostenak.

Hirugarrena parte-hartzeari dagokio. Gobernantza sistema ez dute erabat definitzen, partaidetza formulak ere aipatzen dituzte, baina betiere uste dute euskal kulturgileek «garrantzizko eginkizunak» izango lituzketela kultura nahiz hizkuntza politiken diseinuan eta egikaritzean.

Euskararen zentraltasuna da laugarren ezaugarria. Estatuko gainerako hizkuntzen ondoan, gaztelania edo frantsesa izan, nagusi izan beharko luke euskarak, nahiz eta elkarrizketatuak ez diren gai izan zentraltasun hori zehaztasunez definitzeko edo zehatz azaltzeko. «Modu lauso batean bada ere –dio txostenak–, […] bizikidetza aurreikusten da euskararentzat, azken horren hegemonia nabarmendu ondoren».

Bosgarren eta azken ezaugarriak honakoa dio: «Euskal Estatuaren kultura ekimena burutu ahal izateko estrategikotzat identifikaturiko sektoreak hezkuntza sistema, hedabideak eta kultura industriak eta administrazioa izan dira, hurrenez hurren». Hemen kokatzen da balizko estatuari esleitzen dioten zeregin nagusia, bestelako eginkizun posible batzuen gainetik: euskal hizkuntza eta kultura berreskuratzea. Hala ulertzen da irudikatzen duten Euskal Estatuak oinarri etnikoa duela.

Bi diskurtso

Abiapuntuak partekatzen dituzten arren, bi diskurtso bereizi ditu ikerketak. Lehenengoak, egileen arabera, kutsu politikoagoa dauka eta uztartu egiten ditu, batetik, proiektu linguistiko-kulturala eta burujabetzarako proiektu politikoak «nolanahikoa dela horien zehaztapena», alegia, independentzia, estatua… Diskurtso hau dutenek bateragarri ikusten dituzte proiektu linguistikoa eta independentziaren eta balizko estatuaren proiektua, hau da, «nazio kulturalaren eraikuntza eta estatu politikoaren eraikuntza».

Diskurtso hau defendatzen dutenen artean leudeke Unibertsitatean diharduten kulturgileak baita jarduera «politikoagoetan» parte hartzen dutenak ere. Txostenak Gure Esku Dago ekimena jartzen du adibidetzat.

Beste diskurtsoak nazio kulturalari, «eta hari soilik», ematen dio lehentasuna. Horrek izan beharko luke subjektu politikoa, «eta ez beste hizkuntza batean (edo batzuetan) diharduen gehiengo sozialak». Hala arrazoitzen dute: «euskal gizartean gaur egun sor litezkeen gehiengoek hizkuntza eta kultura ez diren beste lehentasun batzuetan oinarritu dezakete estatuaren aldeko beren hautua, motibazio ekonomikoetan, adibidez». Hain zuzen, egoera ekonomikoa edo soziala hobetzea ez da kulturgileek Euskal Estatuari esleitzen dioten eginkizun nagusia.

Ideia hauek sostengatzen dituzte euskalgintzaren muineko instituzio eta elkarteek.

Testuinguruari ere aipamena egiten dio txostenak, edukia kokatzeko garrantzitsua delako. Hortxe aipatzen ditu hizkuntza politikak agortuak egotearen ustea, esparru politiko abertzaletik sortzen diren estatuaren aldeko proposamenek euskara berreskuratzeko proiektua erdigunetik baztertu izanaren beldurra eta azkenik jakitun dira gaurko euskal gizartearen egoera soziolinguistikoak eta kulturalak ez duela «de facto» nazio kulturalaren gainean egindako estatu eraikuntza ahalbidetzen uneotan. Horrek, etsipena sortzen die.

 

metodologia: elkarrizketa sakonak esparru anitzeko adituei

Ikerketa egiteko metodologiari dagokionez, teknika kualitatiboak erabili dituzte. Alde batetik, sakoneko elkarrizketak egin dizkiete euskararen aldeko mugimenduaren askotariko erakundeetatik eta sentsibilitateetatik datozen informatzaileei. Laginaren unitateak hautatzeko erabilitako irizpideek ikuspegien aniztasuna lortzea izan dute helburu.

Hamahiru dira elkarrizketatuak, denak ibilbide luzeko ekintzaileak nahiz aditu eta profesional moduan aritutakoak unibertsitatean, komunikazioan, kultura industrian eta argitaletxeetan eta literaturan. Galdera zerrenda bera luzatu zaie eta erantzunak irekiak izan dira.