Ariane KAMIO
DONOSTIA
Entrevue
ALAINE AGIRRE
IDAZLEA

«Idazteko beharra daukadanean pasioak harrapatzen nau eta ezin izaten diot utzi»

Erraietatik ateratakoak dira Alaine Agirrek (Bermeo, 1990) bere liburuetara jaurtitako letrak, odoluste bat orrialde zurien gainean, bihotza eskuetan, taupada lasterrean burura etorritako ideien menturan. «X hil da» (Elkar) izena du bere lanik berrienak.

Alaine Agirreren garezurrari mozketa diametral bat eginez gero, tapa ireki eta bor-bor legokeen garunak odolez zipriztinduko lizkioke masailak. Begiak gorantz jarrita, irribarrez, baieztatuko luke buruaren barruan duen organoak lanean fin jarraitzen duela, fitness ikasle aurreratuenen pare. Izan ere, psikologiatik gertuago daude bere lanak maitasun istorio xaloetatik baino, nahiz eta pasioaren eredu ere badiren. Giza harreman eta adimenaren bidezidorretan haztatzen aritu da idazle bermeotarra “Odol mamituak” eta “X hil da” lanetan. Biak, gainera, oso epe laburrean idatziak. Agirreren txanponak bi alde ditu. Beste aurpegian, haur literatura idazten gozatzen duen idazlea bizi da. Imajinarioaren xendretatik ibiltzea atsegin duen sortzailea. Bi aldeetan, baina, erraietatik ateratako idazkera sentikorra. Hau da Alaine Agirre.

Zure bi eleberrietako gaiak ikusita, idazle iluntzat duzu zeure burua?

Ez dut horretan askorik pentsatu, baina, igual bai; agian banaiz idazle iluna. Pertsona modura begiratzen baldin banauzu, segur aski ez duzu iluntasun hori ikusiko; ez modu nabarmen batean, behintzat. Baina egia da idazten dudanean (helduentzat, esan nahi dut) barrutik idazten dudala, tripetatik eta bihotzetik, inoiz ez burutik. Eta idazten dudana da atera beharreko hori; beti (edo oraingoz, behintzat). Izan ere, baditut, mundu guztiak bezala, barruan ezkutatuta dauden zauriak, orbainak, markak, malko kristalizatuak, odol zati mamituak, mina eta mina eta mina, baita ikarak ere. Idazle iluna naiz denok ditugun gauza guzti horiei buruz idazten dudalako? Bada, ez dakit. Igual hobeto letorkidake (nahiz eta ez ditudan etiketak gogoko) idazle zintzoaren etiketa, edo idazle purgatzailearena, edo idazle zirujauarena.

Oso gai pertsonalak dira, barrukoak erabat. Zenbat dute zuretik?

Betiko galdera. Eta betiko erantzuna: dena eta ezer ez. Edo ez dakit. Esan nahi dut, liburu bi horietako protagonista ni naizela, baina aldi berean ni ez naizela haiek. Ez dakit nola azaldu. Askotan kontatu dut Antxiñe Mendizabal editore-idazle-lagunak esan zidana behin: artista naizela, baina ez idazten dudalako edo malabarista izan nahi dudalako, baizik eta neure bizitza fikzionatzen dudalako, eta gero, paperera bota. Orduan, zer den fikzioa, zer den egiazkoa galdetu nahi badidazu, zintzotasunez erantzungo nizuke: ez dakit.

Gizakiaren adimena beste orbita batean, muturrean, irudikatzea atsegin duzu?

Atsegin ez, baina behar dut. Beharra daukat neure burua muturrean dagoenean idazteko, eta beharra daukat pentsatzeko orduan, neure buruari buruz idaztean, irakurleari buruz idazten ere banabilela.

Literatura psikologikotzat har daiteke zurea?

Ez dakit. Ez naiz horri erantzuteko izan beharko nukeen aditua.

Inpultsiboa, bat-batekoa dirudi oso zure idazkerak.

Hala da, hala da. Idazteko beharra daukadanean pasioak harrapatzen nau eta ezin izaten diot idazteari utzi. Gustatuko litzaidake lasaiago idaztea, gehiagotan birpasatzea testua, baina momentuan idatzi dudana errespetatzea gustatzen zait. Ez egitea aldaketa askorik. Ez ematea buelta gehiagorik. Bestela, aurreragoko momentu batean idatzitakoa guztiz aldatuko banu, geroago, momentu hartako ni-aren kontrako bortxaketa bat legez sentituko nuke.

Gozatu? Sufritu? Zer egiten du Alaine Agirrek idazten ari denean?

Biak. Eta muturreraino eroanda, bai bata, bai bestea. Biak.

Abiadura azkarreko idazlea zara. Apenas urtebetean kaleratu dituzu «Odol mamituak» eta «X hil da».

Ez nuen espero lehenengoa idatzi nuenean bigarrena hain arin aterako zitzaidanik. Eta orain, aitortu behar dut, hirugarren bat ere badatorkidala. Baina espero dut azken puntua jarri ahal izango dudala hirugarren hau idaztean. Eta gero, gerokoak. Nork daki zer edo zelan idatziko dudan etorkizun batean…

Enigma ezkutatu nahi izan duzu X-en atzean? Zer ezkutatzen du pertsonaia horrek?

Nik zoroki eta eroki maite ditudanak ezkutatzen ditu. Baina horiek neuretzat dira.

Istorio hori ere, esan izan duzunez, bizipen pertsonal baten ondorio da.

Ez dut esan bizipen pertsonal bat izan denik. Ez zait, zorionez, oraindik maitea hil. Baina gertatu da, neure buruan behintzat, ikarak gobernatutako neure buruan.

Gai morbosoak landu dituzu orain artean. Zerbait suposatu du horrek zuretzat?

Niretzat ez dira morbosoak. Jendearentzat bai, batzuetan ikusi izan dudanez. Nire idazlanak horrela ikusten dituztenek ez dute ulertzen idazlea (hori baita haiei interesatzen zaiena: idazlea) eta ez dute ulertzen (niri interesatzen zaidan) idazlana.

Helduen literaturako gai zerrenda zein den ikusi arren, gero haur literaturan hainbat eta hainbat lan egindakoa zara. Bi eremu bereizten dituzu, beraz?

Bai. Begirada desberdinekin idazten ditut. Haurrentzat idaztea niretzat arnasa hartzea lakoa da apur bat, parentesi bat, bizitzari beste modu batera begiratzeko aukera bat. Helduentzat idazten dudanean, bestela egiten dut; izan ere, neuretzat idazten dut gehienbat.

Esan izan duzu helduentzat «egoismotik» idazten duzula, hau da, zure buruarentzat egiten duzula. Horrek esan nahi du zeure buruari %100eko askatasuna ematen diozula?

Bai, arestian esan bezala, neuretzat idazten dut helduentzat idatzi beharko nukeenean. Eta bai, askatasun itzela ematen diot neure buruari. Baina ez ehuneko ehunekoa. Hori egitea lortzen dudan egunean…

Pentsatu duzu edo saiatu zara inoiz haur literaturan egiten barne hustuketa hori? Muga intelektualik eta moralik gabeko haur literatura egiten?

Ba, egia esanda, ez dut uste. Ez dut inoiz planteatu. Baina eskerrik asko, Ariane, ideia emateagatik. Ona izango litzateke; oso ona.

Ze harreman duzu irakurleekin?

Asko gustatzen zait irakurle taldeetara joatea, adibidez. Beti esaten diet ez diedala txaparik sartuko, egin diezazkidatela galderak, nik erantzun egingo diedala… baina azkenean, txapa sartzen bukatzen dut. Gustatu egiten zait irakurleak dioena entzutea eta nik erantzutea, zintzoki eta sintzeroki, nire lanaz berba egitea, neure konfidentetzat hartzea irakurlea. Bera istorioan sartzea lortzen saiatzea.

Euskal literaturan baduzu erreferentziarik? Eta orokorrean?

Ezingo nituzke pare bat bakarrik bota. Baina, azkenaldian irakurritako Jasone Osororen “12etan bermuta” pila bat gustatu zait. Orokorrean, Elena Ferranteren istorioetan barruraino murgildu naiz, Milena Busquets-en “También esto pasará” liburuaren idazkerak erotu egin nau, Marguerite Duras-en “Escribir”, Anne Sexton-en poemak intelektualki ulertzen ez ditudan arren susmoa daukat bera ulertzen dudala, Annie Ernaux-ekin maitasuna egin nahiko nuke… Egia esan, ezin dut asko irakurri, baina irakurtzen dudanean, ia edozerk astintzen nau.

Ikara, mina, obsesioa, odola… baina azpian beti maitasuna. Zure idazkuntzaren leitmotiva da?

Izan liteke, bai. Uste dut baietz.

Apasionatua zara?

Ez naiz apasionatua. Lar apasionatua baizik.

Zein da irakurri duzun azken liburua?

“Intimitatea”.