GARA
ORDIZIA

Roberto Ruiz sukaldariak moztu du Idiazabal gazta berria Ordiziako festan

Ia bi mila ardik zeharkatu zituzten atzo Ordiziako kaleak, Aralarreko larreetara abiatu aurretik. Mendian ez bezala, begi ugari izan zituzten gainean, batez ere jakin-minez zeuden umeenak, ibilbide tradizionalean.

Artzain Eguna ospatu zuten Goierriko herrian, ELE Gipuzkoako Ardi Latxa Elkartea, Lurgintza, Idiazabal sor-marka eta gazta honen Ordiziako kofradia antolatzaile zirela. 50 artzainen 200 ardi latx buru izan ziren lehiaketa eta salmentan.

Eguzkia lagun, asteko merkatuarekin ekin zioten egunari. Bertan, toki berezia izan zuen gaztak. Udaletxean moztu zuten Idiazabal berria. «Hau gazta ona», adierazi zuen horretarako ohorea izan zuen Roberto Ruiz sukaldari beasaindarrak.

Aranzadi eta Joseba Insausti

Ekitaldian Aranzadi zientzia elkartea eta Joseba Insausti artzain ordiziarra omendu zituzten. Sariak Abadiñora eta Sunbillara joan ziren; Itxaso Barrenetxeak eta Luis Vicente Larrarteren Lizun gaztandegiak jaso zituzten.