Surflari ernegatua

142 vodka hurrupa

Kale bazterrean botata zegoen gizonak auzokideen arreta bereganatu zuen. Hauek, Newport Beach hiriko poliziari deitu eta Balboa Boulevardeko lurzoru likitsa laztantzen ari zen zurruteroa esnatu ostean atxilo eraman zuten. Atxilotua Matt Wilkinson zen, Wilko, surflari ospetsua. 2011ko urrian izan zen eta «jendaurreko intoxikazioa» egotzi zion Australiako poliziak. 2012ko apirilean, berriz, WCT tourreko lehen txapelketarekin batera dopin kontrola egin zuen WSL erakundeak eta Wilkok positibo eman zuen, ondorioz ezin izan zuen parte hartu aurten irabazi berri duen Bells Beacheko lehiaketa mitikoan.

Goi mailako zirkuitua hasi denetik bi txapelketa bakarrik egin dira eta biak Wilkok irabazi ditu. Ginebra trago bakarra atera zuen lehiaketa osteko parrandan, agian horregatik erakutsi zuen halako harridura biharamunean sekulako buruko mina sentitu zuenean. Balboa Boulevardeko pasadizo hartan bezala, oraingoan ere gerokoak ahantzi zituen antza. Tabernariak Wilkori igorri fakturak ez du gezurrik esaten, ginebra baso txiki bat baino ez, hori bai, Smirnoff markako 142 vodka hurrupa, 70 tekila trago, eta ehunka garagardo atera zituen txapeldunak. Guztira, 4.782 dolar.

Sentimendu kontrajarriak eragiten dizkit Wilkok, ez diot harrapatzen, baina irri eginarazten dit, ez dakit antzezten ari den edo benetan horrelakoa den. Ez dakit maitatu behar dudan edo gorrotatu, ezta aferak kontuan hartzeko garrantzirik ba ote duen ere, kontua da barne kontraesanak sorrarazten dizkidala, eta hori ez da gutxi.

Bere axolagabekeriak erakartzen nau, ez baita ohikoa. Horrek begirunea merezi du, eta zenbaitetan gainera, nortasuna adieraz dezake. Ordea, nahita edo nahi gabe, sarri handikeria zantzuak erakusten ditu Wilkok. Dirua eta luxua maite dituen norbaiten profila goratzen dute Wilkoren babesle diren marka izenek. Adibide paradigmatikoa da, eredu bat proiektatzen dute batzuek, eta haien jarrerarekin indartzen dute besteek. Beraz, norbanakoek ere badute erantzukizunik.

Nire ustez egungo gizartean hedatuegia dagoen gaitz larri baten adibide garbia ere bada Wilkoren kasua, alegia, erantzukizun ezarena, eta horrek surflari xelebre honek nigan eragin ditzakeen sinpatia zantzu guztiak desegiten ditu. Ezin dut jasan bere ardurari muzin egiten diona. Ez ditut maite firmarik gabeko pankartak, arazo pertsonalak kolektibo bilakatzen dituzten kolektiboak, «guztiok gara arduradunak» diotenak, aurpegiak haien lotsak azaleratzeko estaltzen dituztenak edo kontraesanei uko egiten dietenak.

Dopinean positibo emateagatik Wilko lehiaketatik kanporatu zutenean, prentsaurrekoan agertu zen bere abokatuarekin helegitea jarriko zuela iragartzeko, egindakoa ukatu eta bere erantzukizuna onartu nahi ez zuelako. Gizabanako edo giza talde batean zein bere kideengan zorrotz atzeman beharreko bereizgarria da erantzukizuna. Ezaugarri hori ez duena ez da fidatzekoa, ez da erakargarria, eta ez da eraginkorra. Wilko, euskalduna balitz, bere ile luze, bizar narras eta ustezko itxura axolagabe horrekin, zein giza eremutan mugituko litzatekeela uste duzue? Bai, nik ere susmo bera daukat...