Ariane KAMIO
DONOSTIA
JOSEBA JAKA HIL ZELA HOGEI URTE

Berrinbertsioaren asmakizuna

Gaur hogei urte hil zen Joseba Jaka Cadizen, itsasoan izandako istripu lazgarri batean. Elkar taldeko sortzaileetako honek, liburugintza eta musika ekoizpena euskal kulturaren esku utzi zituen. 40 urte dira Bilintx denda sortu zela ere eta bi hamarkada Elkar fundazioa dela. Sari eta beka eraberrituz beteko ditu argitaletxeak bere urteurrenak.

Disko eta liburuen –eta abarren– argitalpenean azpiegiturarik handiena da Euskal Herrian. Bere estudioetatik eta bere editoreen begien aurretik pasatu diren lanak ia zenbatezinak dira gaur egun. 40 urte bete dira lehenengo denda, Bilintx, Donostiako Parte Zaharrean ireki zenetik; proiektuko lehenengotariko pausoa. Eta Zabaltzen banaketa zerbitzua abiatu zenetik. Hain justu, trilogia, hiruki edo kointzidentzia hirukoitz bat bizi du aurten Elkarrek. 40. urteurren horretaz gain, 20 urte betetzen dira zazpi akziodunek fundazio bihurtzea erabaki zutenetik eta bi hamarkada, beren erreferenteetako bat galdu zuenetik. Gaur hogei urte itsasoan izandako istripu lazgarri baten ondorioz hil zen Cadizen Joseba Jaka.

Zazpi senideko familia batean sortua, gaztetatik eraman zuen bizitzak eragin omen zuen gero zen bezalakoa izatea. 10 urterekin morroi joandakoa, Zumarragako lantegi batean lanean hasi zen 15 bat urterekin, eta berehala ekin zion etxez etxeko liburu salmentari. «Esaten den bezala, larre motzean hazitakoa zen». Arduratsua, noblea, zintzoa, oso gizalegekoa, hurbilekoa, eraginkorra, intuizio handikoa, kaskagogor samarra, euskaltzale porrokatua, mendizalea... Definizio sorta bildu du di-da batean Jon anaiak.

Liburu salmentan hasiak ziren biak 70eko hamarkada hasieran, zegoen euskarazko ekoizpen apurra saltzen eta ikastoletan banatzen, batez ere Gipuzkoan. 1973an Ipar Euskal Herrira errefuxiatu alde egin beharko du Joseba Jakak eta Baionan lanean jarraituko du Zabal liburu dendan. Bi urte emango ditu Hego Euskal Herrira etorri ezinda. Frankismoa amaituta, ordea, Donostiara itzuliko da eta 1976an Bilintx liburu denda zabalduko dute Fermin Kalbeton kaleko 30.ean. «Gure helburuak euskarazko produktuak zabaltzea eta euskara bera bultzatzea izango dira». Horretarako, sasian dagoen euskarazko ekoizpena itzaletik argira atera beharra zegoen. Dendaren irekiera jauzi garrantzitsua izango da euskaltzaleen komunitatearentzat, 70eko hamarraldian estutasunen ondoren zabaldutako birika berri bat.

1976ko azaroan izan zen. Gertakari handi bat. «Ez zen horrelako gauzarik ezagutzen, garai haiek erabat zailak ziren. Ez zegoen ezer. Poz handia izan zen euskaltzaleentzat aukera hori izatea eta ustekabea hainbat jenderentzat, zeren, [ekoizpen] gutxi zegoen arren, ez zuten uste hain gutxi egon zitekeenik». Ordura arte sotoetan ezkutatutako argitalpenak plazara ekartzeak eta denak batean ikusteak «harrotasun puntu bat» sortu zuen.

Gaur egungo megadenda dagoen pareko lokalean zabaldu zen orduan Bilintx, liburuen zuzeneko salmentarako 30 metro koadroko gotorleku berria. Zabaltzen-ekin egiten zuten, bestalde, banaketa orokorra. «Banaketa ez dago gaur egungo moduan pentsatzerik. Hamabostean behin edo hilabetean behin joaten ginen dendetara. Liburu dendetan ez zegoen ohiturarik euskarazko liburuak edukitzeko. Batzuek oso ondo hartzen zituzten eta beste batzuek ez hainbeste».

Denbora horretan, Elkarren lehenengo pauso horietan, Joseba Jakak buruzagi, lider lanak, egin zituen. «Bagenuen liburuekin harremana etxez etxeko salmentatik, baina bera Baionako liburu dendan lan egina zen eta orduan guretzat lider moduko bat zen. Eraginkorra zen eta berak zituen ikuspuntuak guretzat lasaitasun bat ziren eta, bestalde, eredu».

Argitaletxea abian da

Urtebete beranduago, 1977. urtean, sortuko da Elkar argitaletxea. «Dagoen premia ikaragarria da eta dauden ahalmen laburren artean ezer gutxi dago». Eragiteko eta ekiteko eremu zabala ikusiko dute hor Jaka anaiek. Ordurako Ipar Euskal Herrian Elkar abian zen, baina bertako lanak ekoizten zituen gehienbat. Musika ere saltzen zen, «hemen ondo salduko zena gainera. Baina ekartzea problema zen, muga zeharkatu beharra baitzegoen. Ikusten genuen horrek benetan hemen izango zuela zentzua». Ekoizpena, beraz, liburugintzan eta diskogintzan hasiko da laster.

Emaitza onak izaten hasiko da eta taldeak hedapena hasiko du. Oihuka diskoetxea eta Ttarttalo argitaletxea eskuratzeko aukera izango du epe laburrean, 1984an eta 1990ean, hurrenez hurren. Ordura arte, euskarazko ekoizpenean murgilduta zegoen, bai liburugintzan bai diskoetan. «Orduan Oihuka zegoen, diskoetxe bat beste lerro bat jorratzen zuena, rocka eta abar. Eta gauzak nola diren, gerora hegan egin duten hainbat taldek gurean egin zituzten lehen probak. Barricada, La Polla Records, Taures Zurdos...», gogoratu du.

Ttarttalo, aldiz, komikigintzarekin lotutako argitaletxea zen, baina Elkarrek ipuin mundua garatzeko erabiliko zuen. «Gerora ja beste jauzi bat egin zen, gaztelerazko narratibaren argitalpenekin; hori bai, beti euskal ikuspuntu batekin; euskal autore bat edo euskal gai bat», azaldu du.

Irabazien itzulerako bidea

Hasieratik filosofia berbera erabili izan du Elkarrek. Euskal ekoizpenetik lortutako etekinak berriro euskal ekoizpenean inbertitzea. «Hasieratik ikusten genuen lanbide bat izan zitekeela liburu salmenta, beti bultzatuz eta saiatuz indartzea euskal ekoizpena eta euskal produktuaren salmenta. Lanbide izateaz gain, etekin batzuk ateratzen baldin baziren guztiak berrinbertituak izatea erabaki genuen, produktu eskaintza zabalago bat sortze aldera», esan du.

Premisa berberei jarraituta lan egin izan dute hasieratik eta filosofia horrek hedapenean eragin handia izan zuen. Iruñean eta Bilbon liburu denda berriak zabalduko dira, Bilintxen tankerakoak, euskarazko ekoizpenak hiriburuetan ikusgarritasuna izan dezan. Gasteizen lehenagotik zabaldutako Axular dendak beteko du funtzio hori –«Gasteizen ez genuen ireki, sekula ez gara joaten konpetentzia egitera konpetentzia egiteagatik», argitu du–. Herrietara ere zabaldu zen, ixtera zihoazen dendak eskuratuz edo hutsunea zegoen tokietan berriak irekiz. «Baina orduan bazen nolabaiteko moda bat liburu denda handiak irekitzekoa. Gaur egun kanpotik etorri dira eredu horiek, baina orduan baziren atzerrian FNAC eta gisakoak. Ikusten genuen horrelako zerbait egin behar genuela hemen, gure ekoizpenari duintasun bat emateko eta, bestetik, kanpotik etor zitekeen jendeari balazta jartzeko». Liburu denda handi bat, eskaintza zabalago batekin. 1994a da, eta Bilintx megadenda bihurtu da.

Istripua eta fundazioa

Elkar zabaltzen ari da. Euskal Herri osoan zabaldu da salmenta guneen eta banaketaren bitartez; erreferentzialtasuna lortu du sortzaileen artean, liburuak argitaratu eta diskoak grabatzeko gaitasuna du. Euskal kulturarekin bogan doala dirudi. Baina une latzek ez dute gehiegi itxaroteko asmorik. «Esan genezake ja oinarri handi batzuk jarriak genituenean eta beharbada etorkizuna ikusten genuenean oparoen, itsasoan izandako istripu tamalgarri baten ondorioz Cadizen hil zela 1996ko apirilaren 16an Joseba», kontatu du.

Lau Jaka anaiak (Joseba, Jon, Goio eta Xanti), Joxemari eta Iñaki Sors anaiek eta Jose Ignazio Lizarragak izango dute Elkarren jabetza, zazpi bazkidez osatutako multzoa. Joseba Jaka hil eta gutxira, urte berean, fundazio bihurtuko dute urteetan eraikitako azpiegitura. «Figura juridiko bat bilatu nahi genuen azpiegitura hori mantentzea bermatuko zuena. Gure akzio guztiak fundazioan dohaintzan eman genituen eta horrela ziurtatu genuen sekula ez zirela erabiliko karta fundazionalak markatzen dituen oinarriak betetzeko ez badira».

Garzon eta Del Olmo

1997ko euriteek uholdeak eragin eta Elkarreko biltegi erdia eramango du urak. Eta uholde are handiagoak iritsiko dira urte gutxi barru, 2001ean, Madril aldetik. Garzonen aginduz, auzia zabalduko du Auzitegi Nazionalak Elkarren aurka, «ETAren dirua dagoen susmopean». “Egin”-ekin elkarlanean egindako hainbat lan hartu zituen epaileak oinarri, «hainbat ekoizpen gero egunkariak saldu zituenak. Musikako bi kolekzio zirela uste dut». Garairako “Egin” itxita zegoen dagoeneko, epaile beraren aginduz. «Dokumentazio pila bat gure borondatez pasatu genuen eta demostratu genuen hura lan erabat komertziala zela eta ez zegoela loturarik ez ‘Egin’-ekin eta are gutxiago ETArekin», dio.

2003an, “Egunkaria”-ren itxiera aginduko du Juan del Olmok eta hainbat kide atxilotuko dituzte bi alditan. Aurrenekoan, Joan Mari Torrealdai –patronatuko lehendakariordea– eta geroago Joxemari Sors, Mikel Arrizabalaga eta Xabier Legarra. «Dena eraman zuten hemendik. Dena esaten dudanean da dena, ordenagailu fisikoak hartu eta eraman egin zituzten. Ezer gabe utzi gintuzten. Zorionez, beti egiten dira segurtasun kopiak eta horiez baliatuz ez ginen gelditu. 24 orduan dena berriro martxan geneukan».

Prozesu hark galera handiak eragingo ditu. «Atxilotutako jendeaz gain, gizartean ere kalte handia sortu zuen. Demostratu behar duzu ezetz, ez dela egia, eta hori egitea oso zaila da dagoenean estruktura bat etengabe eraso egiteko prest dagoena. Bai instituzioetara begira, bankuetara begira, merkatuari begira, hornitzaileei begira, izugarrizko mina eman zigun eta urteak kosta da hori berriro bere onera ekartzen eta argitzen jendeari gu pertsona serioak garela».

Urte horietan Joseba Jaka beka deituko du Elkarrek, sei alditan orotara, baina saria emateari utziko dio. «Iritsi zen momentua guk geuk ere ikusten genuena idazle munduan bazegoela zarata moduko bat». Ia hamarkada bateko hutsunearen ondoren, bekaren izena daraman gizasemearen heriotzaren 20. urteurrenaren haritik berreskuratu eta deialdi berria egin da. Aurtengoan, nobelari eskainitako saria izango bada ere, biurteko beka honek literaturaren alor desberdinei eustea izango du helburu.

Horrez gain, Elkarrek bere izenez deitutako sariak ere sortu ditu. Joseba Jaka bekarik ematen ez den urteetan Proiektuari Elkar Saria banatuko da, Elkarrek egoki ikusten duen egitasmo bati laguntza emango diona. Honek eta bekak 10.000 euroko saria izango dute.

Urtero, aldiz, Ibilbideari Elkar Saria banatuko da, urteetan elkarte batek euskalgintzan edo euskal munduan egindako lanaren errekonozimendu gisa. Aurten, Gerediaga Elkarteak jasoko du hurrengo ostegunean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egingo den ekitaldian. Bertan jakinaraziko da, halaber, Joseba Jaka beka berritua nork irabazi duen.

 

Kronologia

1974

Zabal ireki da, liburu denda eta banaketa-zerbitzu gisa.

1976

Bilintx liburu denda sortu dute Jaka anaiek, Donostiako Parte Zaharrean.

Zabaltzen banaketa-zerbitzua martxan jarri da.

1977

Elkar argitaletxea martxan jarri da.

1983

Elkar diskoetxeak estudio propioak ireki ditu Lasarte-Orian.

1984

Oihuka diskoetxeak eman dio hasiera bere jardunari.

1990

Ttarttalo argitaletxea 1983an sortu bazen ere, erosi eta indarberriturik atera da.

1992

Zabaltzen banatzaileak Igaran egoitza berria ireki du. Etxe berri honetan zentralizatuko dira taldeko zerbitzu gehienak.

1994

Bilintx megadenda bihurtu da.

1996

Joseba Jakak, Elkar Taldeko enpresen sortzaile eta langileak, bizia galdu du istripu batean.

Elkar Fundazioa eratu da.

2001

Garzon epaileak udaberrian Zabaltzen-en aurkako operazioa zabaldu du eta udazken aldera diligentziak itxi ditu.

2003

Otsailaren 20an, Fundazioko patronatukide Joan Mari Torrealdai, beste euskaltzaleekin batera atxilotu dute “Egunkaria”-ren inguruan Del Olmo epaileak zabaldutako operazioaren ondoren.

Urriaren 16an, Elkarreko Mikel Arrizabalaga, Xabier Legarra eta Joxemari Sors, beste 5 kiderekin batera, atxilotu dituzte Juan del Olmo epailearen aginduz.