Ariane KAMIO
BILBO

Loraldia, azken pasadizoan

Azken bi egunetako egitarauan, Loraldiak Euskal Herriko emakume esanguratsuen bueltan sortutako ikuskizuna eta etorkizunaz literaturak eta bertsolaritzak egindako hausnarketak bilduko ditu. Izen propioen artean, Berzaitz, Goikoetxea, Lertxundi edo Lujanbio.

Euskal Herriaren historian urte batzuk atzera egingo du “Maite K.” ikuskizunak eta emakumeek giza harremanetan, heziketan, herri jakintzaren hedapenean eta bereziki euskararen transmisioan izan duten garrantziaren erakusle izango da. Badira toki berezia merezi duten emazteak, abenturazale, jakintsu, borrokalari ala artista izanik, nor bere arloko gailurreraino heltzeko ahaleginean, gertakari harrigarrien eta noizbehinka tragikoen lekuko izan direnak.

Kantu, doinu, irudi eta dantza ezberdinen bitartez, ikusgarri honek bidaia baten aukera eskaini nahi du, emakume horien balore unibertsalak goraipatze aldera. Inesa Gaxen, Kattalin Agirre, Mentxu Gal, Bizenta Mogel, Emiliana Zubeldia, Madalena Jauregiberri eta gaur egungo emakume bertsolari zenbait izango dira euskal emaztearen gorazarre horren artizarrak.

Pier Paul Berzaitzen jatorrizko ideia batetik sortutako ikuskizuna da, eta Joxean Goikoetxea, Kukai eta Juhane Dasconen parte hartzea izango du. «Hasieran ideia izan zen Kattalin Agirre Ziburuko erresistentziako heroinari omenaldia egitea, Arin koroa lagun. Gero asmatu dugu luzatzea eta Euskal Herriko emazte guztiei gorazarre egitea narrazio poetiko baten bidez», dio Berzaitzek. Beste hainbat emakumeren artean aukeratzea ere posible litzateke, baina hiru irizpide baliatu dituzte: «bertutea, arteak eta desterrua, herria eta hizkuntza».

Bilbon estreinatuko da gaur (19.30, Campos Eliseos), eta handik Donibane Lohitzune, Maule, Baiona, Donapaleu eta Donostiara joango da.

Azken eguna izango du bihar Loraldiak eta ekitaldi nagusia eguerdian izango da Guggenheim museoan (12.30). “Etorkizuna perfektua balitz” izango dute mintzagai Andu Lertxundi idazleak eta Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza bertsolariek. Lertxundik gogoeta literarioa; Lujanbiok eta Amurizak hausnarketa kantatua.

«Etorkizunaz jarduteko, nahi nuen talaiatik begiratzeko. Hori eskatu zidan Imanol Agirrek. Eskuak libre utzi zizkidan, etorkizunari buruzko unibertso osoa nire erabakiaren mende neukan, eta ni pozik. Baina laster konturatu nintzen emandako gaia unibertso bat izateaz gainera –mundukoa den eta ez den guztia bere baitan biltzen duena– aukeratu egin behar nuela. Ozeano izugarri baten erdian, olatutxo bat aukeratu behar nuela», adierazi du idazle oriotarrak.

Abiapuntua, iragana. «Pertsona guztiok iragana egina dugu, presentean bizi gara eta etorkizunerantz goaz. Beraz, ni ere bai. Eta nire iragana hartu dut, Espainiako gerratik gaurdainokoa. Nire presentetik ari naiz, eta etorkizuna, berriz, desioak desio, ez dakit nolakoa izango den. Hor, nire mundualdiaren mapa horretan, kokatu dut etorkizunari buruzko nire jarduna».

Eta bertsolaritza eta literatura batuz gero, biharkoa izango da emaitza. «Batzuetan lotu-lotu eginda dantzan eta baita baldosa baten gainean ere, eta beste batzuetan batek bestearen zahagia jo eta jo. Diziplina artistiko desberdinen arteko dialektika da, ez dago zertan gauzak bere onetik atera. Hala ere, eta aitorpentxo bat eginez, bertsolaritzari inbidia badiot; masak biltzeko abildadearen guztiz gainetik, bat-batekotasunean hainbat eta hainbat kontu fin, ia zetaz ehunduak, esateko abildadeari hain juxtu, poesia jasoari askotan hain zaila egiten zaiona».