Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Sailak (eta II)

Euskal literaturaren irakaskuntzak atzerrian bizi duen egoera ez dago irlandar literaturarenetik oso urrun. Hark bezala, euskal literaturak ez du sail propiorik. Espainiar sailaren barruan bakarrik aurki daiteke. Norbaitek esan dezake zentzu handiagoa duela horrek Euskal Herria, Irlanda ez bezala, independentea ez delako. Gogora dezagun baina irlandar literatura ingeles sailetan irakastearen arrazoia hizkuntzari lotu izan diola mundu akademikoak eta ez nazio ikuspegiari. Zentzu horretan, zer egiten du euskal literaturak espainiar sail batean? Espainiar saila erromantze hizkuntzen barruan sailkatu ohi dutela jakinda, ez luke euskal literaturak beste nonbaiten egon behar? Kasu honetan lurraldetasunari ematen zaio garrantzia eta ez hizkuntzari. Horixe da azalpen ofiziala. Pribatuan esango dizute berdin duela literatura euskaraz egotea, ikasleek ez dutelako inoiz euskaraz irakurriko. Gehienez ere gazteleraz egingo dute, espainiar sailen helburua ez baita euskara sustatzea gaztelera baizik. Euskarak, katalanak bezala, ukitu exotikoa ematen die espainiar sailei espainiar nazioaren “aniztasun kulturala” erakusteaz gainera. Azken horrek garrantzi handia du mundu anglofonoan; zenbat eta kulturalki anitzago, orduan eta sexiago. Praktikan, hizkuntzak zein literaturak kudeatzeko politika jakinen adierazgarri baino ez dira ingeles zein espainiar sailak eta politika horietan nazionalismoak, dela ingelesak dela espa0iniarrak, badu zerikusirik.