GARA
EA

Busturialdeko Eskola Txikien Jaiak laurehundik gora haur bilduko ditu Ean

Bizkaiko ikastetxerik berrienak, Eako Haizeder-ek, antolatu du aurtengo Busturialdeko eskola txikien jaia. Ean ospatuko da, datorren ostiralean. Mundaka, Uzelai (Busturia), Urretxindorra (Muxika), Montorre (Arteaga) eta Haizederreko ikasle eta irakasleak elkartuko dira. Bost eskolatako umeak, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzakoak, orotara laurehun haur baino gehiago.

Hamabi jaialdi egin dituzte etenik gabe Busturialdeko eskola txikiek. Denetan adierazi dute eskolen arteko elkarlana, baita eskualdean dauden eskola txikien presentzia eta indarra ere. Ean berriro erakutsiko dute txikitasunean handi direla.

Kalejira, kanta, dantza...

Jaiari 10.15ean emango diote hasiera, lau herritatik etorriko diren autobusak iritsi eta berehala. Herriko pilotalekuan batuko dira ikasle guztiak. Argazkia atera eta bertso eta koplak adituko dituzte: “Busturialdeko neska-mutilak”.

Ondotik, kalejira eta musika saiorako entseguak egingo dituzte. Hamaiketakoan indarrak hartu, eta jolaserako tartea izango dute. Bazkaria eta gero, berriz jolastuko dira eta 14.45ean amaituko da egitaraua, bertsoekin eta eskola txikien kanta eta biribilketarekin, denak plazan elkartuta. Eak lekukoa pasatuko dio Busturiari, datorren urtean jaialdia antolatzeko.