Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren betikotasunak

Ez dira garai onenak, ezta txarrenak ere. Hortik ondorioztatzea tarteko garaian gaudela izan daiteke hausnarketa. Baina tarteari buruzko pentsamenduetan sakonduta esan genezake ez direla tarteko garaiak ere, dena etengabean doakigulako. Musikaren postmodernitate eta modernitatea termino agortuak dira. 1970eko hamarraldian, Europa rockera begira zegoenean, bertoko sistemaren hedabideetatik bidaltzen zuten mezua zen musika modernoa ailegatu zela, «rock» hitza deuseztatuz. Modernitatea atzerapausoaren ikur bezala hartuta. Zerbait sortzen denean haren kontrakoa ere asmatzen da. Bideak eraiki zirenean, alboetan kokatutako lore sortak ere bai, hildakoen oroigarri. Nola pentsatu behar dugu zer den musika modernoa? Eboluzio bezala? Hainbat musika motaren egituraketek berri itxura eman dezakete. Berria baino gehiago, desberdina. Musika sortzaileen burua da etengabe dagoena kantu berriak egiten. Musika ez da mugitzen, sortzaileek dute giltza. Musika elektronikoan egile bakoitzak sortu ahala jartzen dio izena estiloari, taxonomia identitarioa. Egileak iraungitze data du, grabatutako doinuek ez. Euskarri egokietan betikotasuna ez dute inoiz galduko. Musikak ez du heriotzarik, nahiz eta inork ez entzun edo gustuko izan. Denborak dena sendatzen duen arrazoinamenduak betikotasuna du, baina ideia antzua bezain ankerra da. Ekintzek dute betikotasunaren sendagaia. Musika ekintza denez betikotasuna du, musika edo doinuaz gogoratzea ekintza garrantzitsua da, memoriaren ekintza.