Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Hizkuntza

Ama hizkuntzari buruzko konferentzia izan da egunotan Berlinen. Hitzaldiak hasi zirenetik, bertan izan den lagun bat haiei buruzko laburpen modukoak idazten aritu da egunero, joan ez baina gaian interesa genuenontzat. “Ama hizkuntza” hitza ez da garai batean bezala erabiltzen zirkulu akademikoetan, kontzeptuak adierazi nahi baitu hizkuntza bat eta bakarra, benetakoa eta jatorrizkoa, izan dezakeela bakarrik gizabanakoak. Konferentzian, ordea, alemanezko hitzarekin egindako hitz jokoa da: muttermund, amaren ahoa literalki, uteroaren lepoa da, cervix uteri. Uteroaren lepoa da, gorputz organoa, hizkuntzaren jatorria hizkuntza aurretik.

Lagunaren laburpenak ondoko esaldi eta adierazpenak ere jasotzen ditu: Mingainak hainbat hizkuntza hitz egiten ditu, baina ez da horretaz ohartzen. Zsuzsa Baross kultur teorialariak esana da hori. Allemagne esaten dut, alemanez frantsesez mintzo naiz. Helen Cixous filosofo feministaren hitzak dira. Irlandarra naiz baina Shakespeareren hizkuntzan hitz egitera behartu ninduten. Oscar Wilde idazleari zor zaio aipua. Hizkuntza bat besterik ez dut, baina ez da nirea. Jacques Derrida filosofoak idatzi zuen hori “Le Monolinguisme de l’autre” saioan. Errumaniera nire aberria da, poesia da nire hizkuntza. Monica Monalachi poeta eta itzultzailearen adierazpenak dira horiek. Hizkuntzaren “purutasunari” buruzko erretorika adimen kolonial / kolonizatzaile / kolonizatuetatik dator. Hizkuntza porotsua eta gorpuztua da.