Ariane KAMIO
ASTEASU

Obabari sistema dei dakioke

Obaba eta Asteasu. Bernardo Atxagaren obra osoan zabaldu den unibertso literarioa. Unibertso edo sistema izan daiteke leku konkretu batean, dentsitate zehatz batean sortu zen eta oraindik irauten duen giro jakina. Sineskeriaren arlotik errealitatetik baino gehiago duen arnasbidea, interpretazioetatik eraikitako landare bizidun bat da leku horretan ernatu zena. Atxagak berak eman zituen atzo Muskerraren Bidearen bueltan doazen azalpenak.

Zoru busti, euripean ditu gordeta Bernardo Atxagak Elizmendiko oroitzapenak. Bigarren hitzordua zuen atzo Muskerraren Bidean –lehenengoa euriak berak zapuztu zuen– eta mehatxupean joan ziren ibilbideko lehen istantak. Aterkia zabaldu, bai-ez, hortxe Elizmendiren hankapean egin ziren lehenengo hitzak.

Bere unibertso literarioaz ari da Atxaga. Asteasu eta Obaba. «Unibertsoaz hitz egiten dudanean, sistema batez ari naiz». Desertura joan da une batez; «han ikasi nuen zer den unibertsoa». Urrunean ikusten dira mendiak , sakabanaturik, «irlak itsasoan bezala». Mendi bakoitzak badu bere fauna eta flora propioa, hortaz, «mendi bakoitza, irla bakoitza, unibertso bat da. Eta zuek zaudeten toki hau ere sistema bat da, uharte bat», bota du idazleak hogei bat laguneko taldearen aurrean, Elizmendiko parrokia maldan gorako zelatan begira duela.

«Ez dago gertaerarik, ez dago errealitaterik, interpretazioak baino ez», egin du oharra. Eta horien artean interpretazio «urritzaileez aritu da». Horietan, dena hartzen da eterno gisa, «baserri txurien itxura, kasu». «Norbaitek dio, ‘zein da euskal paisaia? Baserri txuriak’. Eta noiztik dira baserriak txuri?». Ameriketatik etorritako artoari esker joan zen jendea mendira bizitzera, «ohartu ziren artoarekin bazutela abereak gobernatzeko aukera, eta orduan sortu ziren baserriak». Eta izurriteen eraginez agindu zen baserrietako paretak kareztatzea, «Andaluziako etxe gehienak bezala». «Horregatik interpretazio horiek ez dira eternitatea, historia bera baizik», esan du, Elorrieta baserriaren aurrean.

Eliza

Eliza atarian jarri du taldea Atxagak. Mendeetan Obaba/Asteasuko sistema osoaren erdigunea, zentroa. «Hemen zegoen autoritatea. Hemengo liburu nagusia, Biblia. Eta etxe honetako organizazioan: erretoreak, sakristauak, errezatzen zuen jendea (eta kanpaiak, herri osoa antolatzeko gaitasuna zuten)... Uharte osoan eragin gehien duen zentroa da, iman bat bezala. Horrek antolatzen du irlako bizitza», esan du Obabako garaietara itzuliz. Literaturara egin du hurbilketa eta XX. mendeko poesian dauden aipamen bibliko ugariak gogorarazi ditu. «Kulturaren eragina aipatzen dugunean ez dauka denborarik. Duela 2.000 urteko transmisio bat iritsi zaigu hona». Mende askotan bakarra izan den sistema. «Beste herri batzuetan, Tolosan esaterako, ez zen erabat nagusi. Baina hemen bai».

Bataiarri handi batzuen ondoan ari da hizketan Atxaga. «Artea da. Kanpoko artea. Eta badu armarri bat, kurioski herriko armarria ere badena». Hiru ezpata eta sugea ageri dira bertan. «Zer da? Jesus. Eta botere zibilaren ikur ere bada. Horrek erakusten du sistema honen zentroak zer-nolako indarra zuen». «Ez al da pixka bat harrigarria? –jarraitu du–. Gu hortik etorri gara. Hori dena da gure sehaska kulturala».

Erretore etxeraino atera du taldea. Bada harrizko bidexka bat etxea eta eliza batzen dituena: «Batzuetan erretorea formarekin ateratzen zen etxetik elizara komunioa ematera. Forman Jesu Kristo dago eta Jesu Kristok ezin du lur arruntetik joan. Horregatik sortu zen eliza eta erretorearen etxea elkartzen dituen bidetxoa».

Juan Bautista Agirre bizi izan zen bertan. «Uharte honetako bizilagun kultoa». Bere biblioteka katalogatu zenean Kixote tartean zen, latinezko liburuak ere bai, baita frantsesezkoak eta italieraz idatzitakoak ere. «Zer esan nahi du horrek? Beste sistema batean dagoela, eta beste sistema batetik antolatzen duela sistema hau. Arrazionalismoaren abanderatu bat zen, kanpoko sistemak hemen sartuz».

Leku berean bizi izan ziren Leizarraga jeneral karlista, Santa Kruzen garaikoa, eta Hipolito Usabiaga –«oso pertsona jantzia, kultoa eta nigan eragin handia izan zuena»–. «Berari ikasi nion idiota hitzaren etimologia», ohartarazi du. «Bazen bere buruaz beste egin zuen gizon bat, maiorazkoa seme zaharrenari eman nahi ez ziona, bigarrenari baizik. Hartara, bi anaiak borrokara deitu zituen, baserriaren jabetza eskuratzeko lehian, eta bigarrenak irabazi zuen. Zaharrenak Ameriketara egin zuen alde. Eta bizi guztian eraman zuen zama hori bere gainean. ‘Badakik? Idiota duk buruan ideia bat daukana. Eta hori idiota bat zuan’»

Gora begiratu eta gargola bat. Ximon. Hala deitzen zioten. Elizari bederatzi buelta emanez gero, gonbitoka hasiko zela. «Aitzakia umeak korrika ibiltzeko. ‘Ez da ba botaka hasi. Gaizki kontatuko genuen. Hasi atzera berriro...’».

Apalasagastin geratu da Asteasuko erdigunerako bidea hartu aurretik. Antonio Arrueren jaiotetxea. Zaharkitua dago. «Sistema hau oso ondo ezagutzen zuen, hemengoa zen, baina kanpoko sistema batekoa ere bazen, Comunion Tradicionalistakoa baitzen». Senatari ere ibilia, «sistematik jaurtia» izan zela iritzi dio Atxagak. «Karlismoaren parte batek ez zuen Franco buru izaterik nahi, eta hau zen horietako bat». Villasantek berak esan omen zuen euskarak asko ziola eskertzeko Antonio Arrueri, berak ematen baitzituen liburuak euskaraz argitaratzeko baimenak, «ez hori bakarrik, baita Lazkao Txikik kantatzekoak ere».

Baina jarduera zehatzera jo du Atxagak. 1965. urtea. Bilbo. “Nueva poesía vasca”. Hitzaldia emango du Arruek Bilbon. Gandiaga, Aresti eta Mirande ditu aipagai. «Gandiagaren poesiaz hitz egitea... bueno. Baina Arestiren ‘Aitaren etxea’ poesia erabat komunista ere irakurri zuen. Eta agian ez zuen ondo ulertu. Baliteke. Baina Miranderen kasuan poema guztiz lizun eta pagano bat izan zuen ahotan. Harrigarria». Eta gaineratu du: «Gogoan izan Aresti oso berandu izan zela onartua eta Mirandek euskal kultura arbuiatu eta bere burua bota zuela». «Batzuetan abokatu txarrenak diruditenak dira onenak». Azken batean, sistemaren baitatik harago doazen pertsonaiak dira.

Elizaren eskaileretan azken geldialdia. Talde argazkia. Atxagak eta eskolako lagunek urtean behin ateratzen zuten leku berean, maistrarekin batera. 13 urtera arteko bizimodua egin zuen Atxagak Asteasun. Eta han sortu zuen gerora bere literaturan ondu duen unibertsoaren ernamuina. Lehen hildakoa ikusi zuen bertan –gazte hildako neskato bat– eta sineskeriei zabaldutako munduaren egarriz ase zituen zentzuari lotutako lehen urteen egarria. Katu bihurtzen ziren emakumeak, edo belarritik sartutako muskerren pasadizoa. Bidean bada zer ikusi gehiago: Portale, zerrategia, udaletxea edo Tranpazulo plaza bera. Unibertso edo sistema baten baitan oraindik orbita berean bueltaka jarraitzen duten osagai multzoa. Ia denbora pasatu ez balitz bezala.