GARA
GASTEIZ

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua eta instituzioak elkarlanean arituko dira

Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta eskualdeko hamar erakunde publikoek euskararen normalizazioaren aldeko lanean elkarrekin aritzeko akordioa sinatu zuten pasa den ostiralean, Urduñako Alondegian.

Ohar batean Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak azaldu zuenez, instituzioetako euskara teknikariek parte hartuko dute urtean hiru aldiz bilduko den Euskalgintzaren Kontseiluaren foro zabalean.

«Euskalgintzaren kontseiluak instituzioekin batera lan egiteko konpromiso argia du, eta beraz, foro honetan elkarlanean aritzeko ikuspegi eta jarrera aktiboa izango du eta instituzio bakoitzarekin sortzen diren betebeharrak aseko ditu», adierazi zuen kontseiluak.

Halaber, sinatutako akordioari esker, eskualdeko instituzioek Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren ohiko funtzionamendu gastuak diruz lagunduko dituzte. Diru ekarpen hau Euskalgintza Kontseiluari emandako diru laguntza kontzeptuan jasoko da –diru ekarpenaren zenbatekoa urte natural bakoitzaren bi hilabeteetan zehaztuko dute aldeek–.

Elkarlan akordio honen sinadura ekitaldia amaitzeko, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak azken hilabete hauetan egin dituen lanen azalpenak eman zizkien udalerriko eta kuadrillako ordezkariei, aurtengo plangintzaren helburuak azpimarratu zituen eta 2016. urterako aurrekontuaren zirriborroa aurreratu zuen.