GARA
DONOSTIA

Emakume batek bere etxebizitza gal lezake 3.732 euroko zorra duela eta

Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek salatu zutenez, Gipuzkoako Probintzia Auzitegiaren hirugarren aretoak ukatu egin du kontratua aurretiaz amaitzeko klausula abusuzkoa dela. Elkarteak Pasaiako alkatearekin bilduko dira astelehenean kaleratzea ekiditeko.

Gipuzkoako Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek emakume bat bere etxebizitza galtzeko arriskuan dagoela salatu zuten atzo. Azaldu zutenez, Laboral Kutxak Manoli Duarte eta bere senideak kaleratu nahi ditu 3.732 euroko zorra ordaindu ez izanagatik. Hori dio Probintzia Auzitegiko Hirugarren Aretoak plazaratu duen ebazpenak, kontratua aurrez amaitzeko klausula abusuzkoa dela ukatuta.

Atzo egindako elkarretaratzean, aipatutako elkarteek Duartek 400 euroko laguntza besterik ez duela jasotzen salatu zuten; «diru horrekin 800 euroko kuota ordaindu behar du eta adingabeko semea eta gaixotasun kronikoa duen amaren beharrei ere aurre egin behar die». Bere etxebizitza galtzeaz gain, 34.000 euroko zorra ere ordaindu beharko lukeela azpimarratu zuten.

Halaber, Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek Gipuzkoan Justizia «tonbola» bat dela salatu zuten. «Probintzia Auzitegiaren bigarren aretoa suertatzen bazaizu, auzibidea artxibatu egingo da; hirugarrena suertatzen baldin bazaizu, ordea, zure etxebizitza enkantean aterako da».

Kaleratzea ekiditeko, elkarteak Pasaiako Udalarekin harremanetan jarri dira eta eta datorren astelehenean hitzordua dute alkatearekin, «Laboral Kutxarekin bitartekaritza lanak egin ditzan, bankuak epaitegiari enkantearen data ezartzeko eskatu ez diezaion». Eragile sozialen, EH Bildu, PSE eta Ahal Duguko batzarkideen eta Pasaiako Udalaren ordezkaritzaren elkartasuna eskertu zuten Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop elkarteek.